Erakusketak kolektore –hondakin urak araztegietara eramaten dituzten hodiak– handiaren itxura duen egiturarekin jasoko du bisitaria, eta bertan 70eko eta 80ko hamarkadetako Itsasadarreko argazkiak ikusi ahal izango dira. Izan ere, XIX. mendearen erdialdean, Itsasadarraren inguruak industrializazio-prozesu handia abiarazi zuen, burdina mineralaren ustiaketan eta esportazioan eta industria siderurgikoan oinarrituta, batez ere.
Bilboko Itsasadarra, portu txikia izatetik Estatuko eta Europako industria-gune eta merkataritza-gune nagusietakoa izatera heldu zen. Urte gutxiren buruan, Itsasadarraren bazterrak lantegiz eta portu-azpiegituraz bete ziren, eta, gero eta eskulan gehiago behar zenez, etorkin mugimendu handia bizi izan zen, eta horren ondorioz, biztanleriak hazkunde handia izan zuen inguru horretan. 1900. eta 1975. urteen artean, populazioa laukoiztu egin zen.
Garapen horrek aurrera egin ahala, Itsasadarraren urak kutsadura maila ikaragarria erakusten hasi ziren. Inolako antolakuntzarik gabeko hiri hazkundearen eta ingurumen kontzientzia faltaren ondorioz, hondakin urak –etxeetakoak eta industriakoak– zuzenean isurtzen ziren ubidera, aurretik inolako tratamendurik eman barik. Itsasadarrak, meatzaritza ustiategietatik batez ere zetozen 900 tona hondakin solido jasotzen zituen egunero, 400 tona isurkin azido, 80 tona metal, eta baita zianuroa edo nitrogenoa zuten konposatuak ere; laburbilduz, ia 2.000 tona hondakin isurtzen ziren egunero, eta, ondorioz, oxigenorik gabeko estolda bihurtu zen.
Saneamendu Plan Integrala
Bilbo Metropolitarreko Saneamendu Plan Integralaren helburu nagusietakoa Bilboko Itsasadarra ingurumenaren ikuspegitik berreskuratzea izan zen, hain zuzen ere, eta horretarako %60ko oxigenazioa ezarri zen uren kalitatearen estandar gisa. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak 80ko hamarkadaren hasieran jarri zuen martxan programa hori, EAEn egindako ingurumen proiekturik garrantzitsuena, 1.000 milioi eurotik gorako inbertsioarekin.
Guztira 300 kilometrotik gora dituzten kolektoreek etxeetako eta industrietako hondakin urak jaso eta araztegietara eramaten dituzte. Galindoko (Sestao) EDAR izenekoa Bilbo Metropolitarraren Saneamendu sistemaren pieza garrantzitsuena da. Horren emaitza Itsasadar bizia da, gero eta egokiagoa kirol eta itsasketa arloko erabilera berrietarako.
Lan horiekin batera, Saneamendu Plan Integralak martxan jarritako neurrien eraginkortasuna ebaluatzeko jarraipen azterlanak egiten hasi ziren 1989an, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak eta URAk–Uraren Euskal Agentziak finantzatuta. Horrela, AZTI zentro teknologikoko ikerlariak, EHUrekin elkarlanean, arduratzen dira ingurumen zainketa lan hori egiteaz. Urtero kanpainak eta laginketak egiten dira Itsasadarraren egoera eta bilakaera ebaluatzeko, uraren kalitatea, sedimentuak, fauna eta landaredia aztertuz.
Itsasadarraren Saneamendu Plan Integralaren eragin garrantzitsuena ohiko oxigeno mailak berreskuratzea izan da. 90eko hamarkadaren hasierako %40ko edo hortik beherako saturazio balioetatik, gaur egungo %90eko balioetara. Gaur egun ez dago oxigenazio arazorik duen estuarioko gunerik. Halaber, sedimentuek duela 30 urte baino askoz ere kutsadura maila baxuagoa dute. Horri guztiari esker, sistema osoan erkidego biologikoak sortu dira, Bilbo barrualdetik Abraraino, eta finkatutako 60 arrain espezie baino gehiago dago (mihi-arraina, kabuxinoa, muxarra, platuxa, korkoina, lupia, barbarina, txitxarroa, aingira…), eta baita sedimentuetan eta harkaitzezko substratuetan bizi diren ehunka animalia eta alga espezie ere.
Hiru hamarkada baino gehiago luzatu den prozesu hori guztia da ikus-entzuleek Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan urriaren 31ra arte bisitatu ahal izango duten 'Itsasadarraren magia–35 urte bizia sortuz' erakusketak jasotzen duena. Erakusketaren helburua hondakin uren arazketa prozesuak azpimarratzea da, zorroztasun zientifikoan oinarrituz, iraunkortasunerako ezinbesteko tresna gisa, adibide gisa Bilboko Itsasadarra jarriz. Itsasadarraren ingurumen berreskuratzeak hiriaren beraren eraldaketa ere bultzatu du, aisiarako gune berria eta Hirirako motore ekonomiko berria ekarri dituelako.