Honela dio filmaren sinopsiak: “2014ko irailaren 19an, Estatu Islamikoak bi hilabete zirauen setioa estutu zuelarik, Siria Iparraldeko Rojava eskualdeko Kobane hiriko biztanle kurduek trumilka ihes egin behar izan zuten Turkia aldera. Bi egun geroago, aitak eta biok, Kataluniatik Turkia eta Siria arteko mugaldera abiatzea erabaki genuen, gure senideak aurkitu eta aitaren herriko errefuxiatuak artatzeko asmoz. Bertan, baina, espero genuena baino askoz gehiago aurkitu genuen”. Filma katalanez eta kurdueraz da, baina euskarazko azpidatziekin proiektatuko da, Zenbat Garako kideek euskaratu baitute.
Duela bi urte izan zen gurean Alan Azad Kanjo zinegilea, Urtzi Urrutikoetxearen eskutik, eta bion ahotik ezagutu genuen Rojava eskualdean, Kobane hiriaren inguruetan kurduak bizitzen ari ziren egoera. Egoera larria gerragatik, baina itxaropentsua, behingoz autogobernu esperientzia interesgarri baten hastapena bizitzen ari zirelako. Geroago askoz ezaguna bilakatu zitzaigun Kobane, nazioarteko albistegietan Estatu Islamikoaren setioak eta hiria askatzeko borrokak hartu baitzuten nabarmentasuna. Kobaneren askapenak balio sinboliko handia izan du, kurduentzat garaipena izateaz gain, islamistak menderaezinak ez direla frogatu duelako eta, besteak beste, bertan emakume borrokalari kurduek rol esanguratsua izan dutelako. Baina Kobanen bertan eztanda egin gabeko lehergailu ugari daude eta islamistek inguruetan erasotzen jarraitzen dute, kurduen ageriko etsaia den Turkiako gobernu islamistak iheslariei muga pasatzea eragozten dien bitartean.