Goizeko 11:20ak aldera egindako deiari eratzunez bertaratu dira Kale Nagusira suhiltzaileen hiru kamioi. Harrezkero Corte Ingles saltokian eta inguruan ari dira lanean piztu den sua amatatzeko lanetan. Corte Ingleseko eta ondoan dagoen BBVAko eraikina hustu dituzte. Anbulantzia bat ere bertaratu den arren, pertsona bakarra artatu du. Bilboko suhiltzaileen arabera, langile bat zauritu da.
Suhiltzaileen eratzun azkarrari esker, guztira 25 behargin, sua ez da eraikinera zabaldu. Une honetan egoera kontrolpean dago. Teilatuan kalte materialak izan dira, ez ordea publikoarentzat zabalik egon ohi diren solairuetan.
Sua amatatuta eta dena zuzen dagoela ziurtatuta, suhiltzaileek aurreratu dutenez, saltokia bezeroei ateak zabaltzeko moduan izango da berriz ere.
Bai trafikoarentzat bai oinezkoentzat Kale Nagusiaren lehen zatia eta inguruko kaleak moztuta egon dira 11:20etik aurrera. 45 minuturen ondoren, 12:05 aldera, Kale Nagusiko eskuineko espaloia zabaldu dute oinezkoentzat. Trafikoarentzat itxita jarraitzen du.
Ke lainoa BBVAk Plaza Biribilean duen dorrerantz zabaldu da. Hiriko hainbat lekutatik ikus daiteke suteak eragindako ketzarra.
Juan Maria Aburto alkatea eta Tomas del Hierro Segurtasun zinegotzia Corte Ingles ingurura hurbildu dira gertakizunen jarraipena egiteko. Ebakuazio planen garrantzia azpimarratu du Aburto alkateak gaurko Corte Ingleseko sutearen gisako kasuetan.
Argazkiak: @erlantzibar / @ane_zabala / @otxargorri