'Bicicletas vs coches', bizikletan ibiltzeari utzi nahi ez dioten pertsonen filma

uriola.eus 2015ko eka. 25a, 10:27

Mundu osoko ekintzaileek hiri iraunkorragoak eta jasangarriagoak lortzeko aurrera daramaten borrokari buruzko Bicicletas vs Coches film suediarra aurkeztuko du Zinebik gaur, ekainak 25, Hileko Dokumentala zikloaren barruan. Saioa Multicine aretoan izango da 20:00etan eta sarrerak 3,70 euroko prezioa izango du.

Bicicletas vs. Coches filmak, hiri iraunkorragoak, jasangarriagoak, lortzeko borrokan ari diren zenbait ekintzaile eta pentsalari aurkeztuko dizkie ikus-entzuleei. Bizikletan ibiltzeari utzi nahi ez dioten pertsonak, trafiko istripuetan hildako txirrindulari kopurua gero eta altuagoa den arren. Horrela, ekintzaile nekaezinak lanean ari dira bidegorri gehiago jartzeko, txirrindularientzako erraztasunak handitzeko, trafiko istripu gutxiago egon dadin eta umeek kutsadurarik gabeko munduan bizitzea zer den baloratzen ikas dezaten.

Hileko Dokumentalak, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren urte osoko programazioari jarraipena emateko antolatu den estreinaldien zikloak, Fredrik Gertten zuzendari suediar ezagunak egindako Bicicletas vs Coches (Suedia, 2015. 91 minutu) filma aurkeztuko du gaur, ekainak 25. Ohikoa denez, emanaldia Multicine aretoan izango da (Jose Maria Escuza, 13) arratsaldeko 20:00etan. Sarrerak 3,70 euroko prezioa izango du.

Filmaren abiapuntua, ingurumen krisi sakonean murgilduta dagoen gure mundua da. Klimaren aldaketa, baliabide fosilak amaitzea eta hirietako eta ozeanoetako kutsadura oso garrantzi handiko gaiak dira. Testuinguru horretan, bizikleta aldaketarako tresna indartsu gisa agertzen zaigu, baina badirudi zaila dela automobilaren nagusitasunari amaiera ematea. Filmak ez ditu automobil gidariak kriminalizatu nahi, kontzientziak mobilizatu, eta egunero euren lanetara joateko trafiko pilaketak jasan behar dituzten herritarren ohiturak aldatu nahi ditu. Horrez gain, dokumentalak gogoetarako gonbidapena ere egiten du: Zeintzuk dira iraultza hori geldiarazi nahi duten interesak?

Fredrik Gertten zuzendari suediar ezaguna da, sari asko lortutakoa. Lanbidez kazetaria den arren, azpimarratzekoak dira dokumentalgile gisa egin dituen azken lanak: 80 herrialde baino gehiagotako jaialdietan nazioarteko ibilbide luzea izan duten Big Boys Gone Bananas! (2012) eta Bananas! (2009). Jaialdi horien artean Sundance, Berlinale eta Hot Docs azpimarratu behar dira.