Erakunde zibil eta humanitario klandestino honek laguntza eman zuen Bigarren Mundu Gerran, naziek okupatutako Europan eraitsitako hegazkinlari aliatuak jaso, eta, euskal muga Bidasoan edo Pirinioetan barrena zeharkatu ondoren, Gibraltarreraino eramaten baitzituen.
Comètek 800 bat iheslari hartu edo aberriratu zituela uste da. Gutxi gorabehera 3.000 zibilen laguntza izan zuen. Horietatik 700 bat atxilotu zituzten eta 290 bat erbestean fusilatu zituzten edo hil ziren.
Sinkronizatutako 32 monitore erabiliz, instalazio interaktiboa Comète sareak gurutzatzen zituen geltoki nagusietatik igaro, eta balentria horren protagonista batzuen bizipenak kontatzen ditu, batik bat, adin-nagusitasunera ozta-ozta iristen ziren eta Gestapo beldurgarria estutasunean jarri zuten emakumeenak. Arriskuak, beldurrak, ziurgabetasunak, atxiloketek, kontzentrazio-esparruetan emandako bizitzak… aukera ematen digute gizarte zibilak gatazka-egoeretan izaten duen zeregin garrantzitsuari buruz hausnartzeko.
Azkuna Zentroak Morgancreak ekoitzi eta zuzendutako erakusketa hau antolatzen du, Donostiako Udalaren, San Telmo Museoaren, Donostia 2016 ekimenaren, eta Bake eta Giza Eskubideen Etxearen lankidetzaz.
Sarea Bilbon
Bilbo funtsezko atala izan zen Comète sarea abian jarri ahal izateko.
Iheslariek okupatutako Europatik euskal 'mugan' barrena ihes egitea lortu ondoren, beste arrisku bat izaten zuten aurrean: agintari frankistek atxilo hartzea, eta, gero, agintari alemanen esku uztea berriz, edo Miranda de Ebroko kontzentrazio-esparruan giltzapetzea bestela.
Egoera hori saihesteko, "Dedée" de Jongh sareko sortzailekideak 1941eko abuztuan bidaiatu, eta hiru iheslari ekarri zituen Belgikatik Bilbora, Kontsulatu Britainiarrari laguntza eskatzeko.
Hala ere, diplomatikoen kidegoko funtzionarioei hasieran zaila egin zitzaien 24 urte besterik ez zituen emakume batek halako balentria egiteko gai izatea, eta, beraz, "Deddék" hiru aste eman behar izan zituen Bizkaiko hiriburuan, funtzionarioak bere planaz konbentzitzea lortu arte.
Ordutik aurrera, Kontsulatuak bere kargu hartuko zituen iheslariak muga igaro ondoren, eta, babes ofiziala emanda, Gibraltarreraino eramango zituen, ontziratu eta berriz Bretainia Handira jotzeko.
II. Mundu Gerraren amaiera
1945eko maiatzean, amaitutzat jo zen II. Mundu Gerra Europan. Urteurren hori dela-eta, Azkuna Zentroak ikus-entzunezko erakusketa hau antolatu du, nazismoaren aurkako borrokan laguntza eman zuten gizarte zibileko pertsona ezezagun horien guztien omenez.
Sinkronizatutako monitoreen eta pantaila interaktiboen bidez, bideo-instalazioak gonbit egiten digu Comète sareko protagonista-talde bat zuzenean ezagutzeko. Okupatutako Europako iheslarientzako sare nagusietako bat izan zen Comète. Belgikan zuen bidaiaren hasiera, eta, Frantzia eta Pirinioetako muga zeharkatu ondoren, Donostian edo Bilbon amaitzen zen.
Azkuna Zentroak Morgancreak ekoitzi eta zuzendutako erakusketa hau antolatu du, Donostiako Udalaren, San Telmo Museoaren, Donostia 2016 ekimenaren eta Bake eta Giza Eskubideen Etxearen lankidetzaz. Horrez gain, Kutxa Gizarte Ekintzako argazki-artxiboak eta Moztu Filmak, Amo Films eta Offworld ikus-entzunezko artxiboak elkarlanean aritu dira.
Albistea www.azkunazentroa.com-etik hartua