Proposamen honek erakutsi asmo du zer garrantzitsua den artista honek espiral baten gisara eraikitzen duen kontzeptu pertsonala, denboraren aurka lan eginez eta utopia bilatuz. Hain zuzen ere horregatik Utopia deitzen da erakusketa hau, baina El dibujo como manifiesto personal du azpititulu oso egoki moduan. Urteetan izandako erronkaren erakusgarri da erakusketa hau, zeina intentsitate intelektual handiak eta konbertsaziotik eta elkarrizketatik hurbil dagoen jarrerak definitzen duten.
Gruber berak sarri aitortzen du xehetasunak edo pentsamenduak idazten dituela azaleren gainean, eta haietara behin eta berriro itzultzen dela artelana sortzeko prozesuaren barruan, marrazkia limite edo mugarik gabeko espazio bihurtzearen jakitun. Bada, beraren marrazkien zenbait sail biltzen dira Rekalde aretoko erakusketan: Acuarios eta Boxeo berrienak, batetik, baina baita aurretik erakutsi gabeko zenbait lan ere, bestetik.
Eduardo Gruberrek marrazkilari gisa egindako lanen atzera begirako edo izaera antologikoko interpretazioetatik urrunduta, proiektu honek ahalegina egin nahi du artistak utopikoaren bila eta denboraren aurka lan eginez espiral moduan eraikitzen duen kontzeptu pertsonalak duen garrantzia erakusteko. Eduardo Gruber bere belaunaldiko Espainiako artistarik nabarmenetako bat da, eta unibertso emozional, mental eta hausnartzaile emankorra landu du bere ibilbidean barrena, marrazkia, pintura, grabatua, akuafortea eta eskultura abiaburutzat hartuta.
Bere obra etengabeko bilakaeran dago, bide askotatik ibili baita: figurazio eta hiperrealismotik, abstrakzio eta informalismotik, eta sartu-irtenak egin ditu musikan, eszenografian, arkitekturan, idazketan eta argazkigintzan.
Bilbon aurkezten duen erakusketak formatu handiko eta egikera konplexuko marrazkien aukera-sorta bat da, hainbat sailetako lanak, azken hiru hamarkadetan eginak. Horrez gain, marrazkien multzo zabal eta aldakor bat du ikusgai, izaera intimokoa eta betearazpen arinekoa, hain zuzen, Cuadernos de viaje izenekoa (1988-2004), eguneroko bulkaden emaitza, baliabide ugariz egin dena.
www.salarekalde.bizkaia.net-tik hartua