Hormako mezuak eta Tasenderen dohaintza

uriola.eus 2015ko ira. 15a, 09:08

Argazkia: www.museobilbao.com ('Hormako mezuak' erakusketako pieza)

Bilboko Arte Ederren Museoak 2015/16 ikasturtean eskainiko dituen erakusketa bi ikusgai izango dira gaurtik aurrera. Batetik, kartelgintza modernoaren adierazgarri diren aleak eta, bestetik, Jose M. Tasendek dohaintzan utzitako piezak.

Hormako mezuak. Bilboko Arte Ederren Museoaren bildumako kartelak (1886-1975)

BBK aretoa, 15/10/06–16/01/18

Babeslea: BBK

Kartelgintza modernoaren jatorria XIX. mendearen bigarren erdialdean dago; izan ere, garai hartan, aldaketa ekonomiko, politiko eta sozial handiak egon ziren, eta horrek merkataritza arloko ordena berria ekarri zuen, eta, gainera, markak ugaritu egin ziren eta kontsumo-ohitura berriak agertu ziren. Testuinguru horretan, mende oso batez, kartelgintzak erantzuna eman zien gertakari edo ideia politikoak zabaltzeko beharrizanei, bai eta zenbait produktu edo gune turistiko sustatzeko beharrizanei ere.

Hormako mezuak. Bilboko Arte Ederren Museoaren bildumako kartelak (1886-1975) erakusketak berrehun pieza baino gehiago emango ditu ezagutzera, denak ere museoaren antzinako kartelen fondo handi eta ez lar ezagunekoak. Aipatutako lanak Euskal Herriko Unibertsitateko Artearen eta Musikaren Historia Saileko irakaslea den Mikel Bilbao Salsiduak aukeratu ditu.

Kartelgintza modernoaren aitzindarien obrak jarriko dira ikusgai; besteak beste, Jules Cheret, Theophile Alexandre Steinlen edo Eugene Grassetenak. Era berean, nazioartean ospetsuak diren diseinatzaile handien lanak ere ikusi ahal izango dira: Leonetto Cappiello, Paul Colin, Jean Carlu, Charles Loupot, Ludwig Hohlwein, Raymond Savignac, Saul Bass, Milton Glaser, Roman Cieslewicz, Giovanni Pintori, Jan Lenica, Armando Testa edo Shigeo Fukudarenak, adibidez. Horiez gain, euskal kartelgintzaren ordezkaritza esanguratsua ere egongo da, eta, horrela, Adolfo Guiard, Aurelio Arteta, Antonio de Guezala edota Elias Salaverria margolari garrantzitsuek publizitatearen esparruan egindako lan handia ikusi ahal izango da. Gainera, marrazkilari handien obrak ere izango dira; besteak beste, Rafael de Penagos, Federico Ribas, Emilio Ferrer i Espel, Josep Morell, Manolo Prieto edo Josep Artigasenak.

Erakusketaren izenburuan, 1886-1975 urteak agertzen dira; izan ere, kartelik antzinakoena Adolfo Guiardek (Bilbao, 1860-1916) 1886an sortutakoa da, eta, horrez gain, 1975eko zenbait kartel ere badaude, tartean Victory 1945, Shigeo Fukuda (Tokio, 1932-2009) diseinatzaile grafiko ospetsuarena.

Ibilbidea zazpi esparru tematikotan dago oinarrituta –turismoari; zezenketei; merkataritzari; kirolari; politikari eta gerrei; azoka, erakusketa eta biltzarrei; eta kulturari eta entretenimenduari buruzko kartelak–, eta, horrela, kartelgintzaren, publizitatearen eta diseinu grafikoaren bilakaera ikus daiteke, bai eta publizitateak eta diseinu grafikoak XIX eta XX. mendeetako hizkera artistikoekiko izandako iragazkortasuna ere. Beraz, kartelgintzaren historiaren mende oso batetik egindako ibilbide luzea da; izan ere, kartela asmo iragankorrarekin sortutako objektua izan zen, baina, hala ere, oso hasieratik, bildumagileen piezen estatusa hartu zuen.

 

Tasende Dohaintza

33. aretoa, 15/09/25–16/01/11

Joan den maiatzaren 22an, zenbait artelanen dohaintza jaso zuen museoak, eta prentsaurrekoan aurkeztu zituen ekain hasieran. Horien artean, "lanen kalitateagatik eta adierazgarritasunagatik", Andres Nagel (Donostia, 1947) euskal artista garaikidearen pieza-multzo bat nabarmentzekoa da, joan den mendeko 80ko eta 90eko hamarkadetan egindako 34 obraz osatutakoa: teknika mistoz eta olioz poliesterrean eta beira-zuntzean egindako 16 pieza, eta 18 collage grabatuan. Ama bilbotarraren semea den Jose M. Tasende estatubatuarrak eman ditu dohaintzan. Hain zuzen ere, Tasende izen bereko galeria ospetsuaren sortzailea da (gaur egun, galeria horren egoitza La Jollan dago, Kalifornian). Dohaintzan emandako pieza guztiak museoko 33. aretoan jarriko dira jendaurrean.

 

Albistea www.museobilbao.com-tik hartua