Zuzendari berrien sailean pantailaratu zen bukatu berri den Donostiako Zinemaldian Ben Sharrocken 'Pikadero'. Euskaraz errodaturiko Espainiaren eta Britainia Handiaren arteko koprodukzioa da. Krisi ekonomikoa dela-eta, ezkontza-eginbideak bete ezin dituen bikote baten historia du oinarrian. Joseba Usabiaga eta Barbara Goenaga aktoreak ditu protagonista nagusi eta bigarren mailako aktoreen artean dago, besteak beste, Lander Otaola indautxuarra.
'Pikadero' gaur, urriak 1, 20:00etan ikusi ahalko da Golem zinemetan.
'Euskal pikaderoa', Lander Otaolaren iruzkina
Aurten Euskal Herrian oso pelikula berezia egin da, eskoziar batek zuzenduta baina euskaraz filmatuta eta zortea izan dut bertan parte hartu dudalako.
Oso pozik eta harro nago.
Donostiako Zinemaldian harrera ezin hobea eduki du nahiz eta saririk gabe bueltatu.
Kritikek diote Kaurismaki, Tati edota Wes Andersonen itxura daukala, baina nik 'Sharrock' estiloa aldarrikatzen dut.
Plano ikusgarriak, elkarrizketa absurdoak eta pertsonaien seriotasun komikoa dira bere osagaiak.
Zer esan aktoreei buruz? Joseba Usabiaga da protagonista hutsa. Bera da Pikaderoren arima eta begirada. Aktore bikaina dela erakusten du erregistro aldaketa honetan. Gauza onak merezi dituen pertsona da Joseba.
Barbara Goenagak pertsonaia atsegina, ezberdina eta kutsu handikoa egiten du. Komeria gehiago egin behar du Barbarak, barruan dauka. Aktore eklektikoa. Ilusio handia egin dit ia zazpi urte eta gero berarekin lan egiteak berriro ere.
Pelikulan Itziar Lazkano, Zorion Egileor, Pedro Arnaez... ere ateratzen dira protagonistaren familia osatzen. Sekulako aktoreak dira guztiak, badakizue.
Kide eta lagun onak.
Eta urriaren 1ean 'Pikadero' filma Bilbon ikusteko aukera izango dugu Azkuna Zentroan arratsaldeko zortzietan.
Benetan merezi du (eta ez dut esaten barruan nagoelako) filma hau ikusteak, joaten ez bazarete hilabete asko itxaron beharko duzue bere festibal ibilbidea bukatu arte.
Gelditu izen hauekin: Ben Sharrock (zuzendaria eta gidoilaria) eta Irune Gurtubai (produktorea) etorkizuna direlako. Gure zinearen azken belaunaldia dira eta geratzeko etorri dira bere ikuspegi ausartarekin.
Gora euskal zinema!
Lander Otaola, aktorea
Zinemaldia Bilbon
Laugarren urtez jarraian, Donostiako Zinemaldiak film sorta bat aurkeztuko du Azkuna Zentroan. Hauek argitaragabeak dira Espainian, eta Zinemaldiaren 63. edizioan estreinatu ziren.
Zuzendari berrien saileko Scott Grahamen 'Iona' (2015-10-03 / 20:00) filma ere eskainiko dute Bilbon. Neska gazte batek bere haurtzaroko komunitate elizkoi itxira egiten duen itzulera kontatzen du.
Perlak sailetik Nanni Morettiren 'Mia Madre' (2015-10-04 / 20:00) iritsiko da. Ama-alaba arteko harremanari buruzko istorio hunkigarri bat da, umorerik falta ez zaiona eta zinearen munduan girotua.
Azkenik, Horizontes Latinos saileko Julio Hernandez Cordonen 'Te prometo anarquia' (2015-10-02 / 20:00) filma ikusi ahal izango da. Droga eta pertsonen trafikoaren munduan dabiltzan gazte marjinatu latinoamerikarrei buruzko istorio gogor eta interesgarria bat da.
Film hauek ikusteko sarrerak zinemako txarteldegian eta www.golem.es helbidean eskuratu daitezke (AZ txartelarekin 3,50-4,50 euroren truke).
[2015-09-29] Iritzia: Euskal pikaderoa
[2015-09-29] Donostiako Zinemaldian aurkeztutako 'Thirst' filmaren txanda Azkuna Zentroan