2011an hasi zen Siriako gatazka, matxinoak Baxar al-Assaden gobernuaren kontra egitean. Gerrak ia bost urte iraun du dagoeneko eta denbora tarte horretan, borrokak eraginda, miloika herritarrek ihes egin behar izan dute bertatik. Azken hilabeteetan, Europako zenbait herrik errefuxiatuak hartu dituzte baina horrela ere, haien egoerak gogorra izaten jarraitzen du izan ere, mugetan milaka pertsona baitaude nora jo jakin gabe.
Egoera honen aurrean, Indautxuko auzo ekimenak, hitzordua antolatu du gaur arratsalderako. Deialdia jendarteratzearekin batera azaldu dute, errefuxiatuek eskubideak dituztela eta "kokoteraino" daudela kupoetaz, hesi berrien eraikuntzaz, tren geltoki edo mugetan emandako karga polizial bortitzetaz… "Gerra, terrorea eta masakreak atzean utzi nahi dituzten pertsonak" direla diote eta beraz, "euren errefuxiatu izaera errespetatzea eta berehalako harrera jasotzea" eskatu dute.
Gauzak horrela, auzo moduan aktibatzea erabaki eta bi helburu nagusi dituen ekimena antolatu dute: Errefuxiatuek bizi duten muturreko egoeraren salaketa egin eta euren harrera eta inklusioaren aldeko konpromisoa erakutsi. Era berean, harreran edo edozein motatako laguntza eskaintzeko prest dauden pertsonen errolda bat osatzen ari direla zaldu dute eta hiritarrei ekimenarekin bat egiteko deia luzatu diete.