Agustin Sagastiren arkitekturari buruzko argazkiak ikusgai EHUko paraninfoan

uriola.eus 2015ko urr. 7a, 09:39

Bilboargazki 2015eko zortzi partaideen artean ezaguna den Agustin Sagasti euskal argazkilariaren 'ARKT. Arquitectura y tiempo' erakusketa abiatuko da gaur EHUko paraninfoan. 

Urriko lehen hamabostaldian, arkitekturari buruz egindako lanak direla eta ezaguna den Agustin Sagasti argazkilariaren 'ARKT. Arquitectura y tiempo' erakusketa bisitatu ahal izango da Bilbaoargazki 2015 egitasmoaren baitan. Erakusketa horretan gonbidapena egiten zaio ikusleari, forma arkitektonikoen xehetasunak lasaitasunez azter ditzan, argiak bolumenen jolasari balioa ematen dien argazkietan. Horrela, egileak arkitekturarenganako duen ikuspegi zintzoa eta errespetuzkoa erakusten duten baina proportzioen, simetrien eta islen bitartez ezustea bilatzen duten irudiak bildu dira. Urriaren 16ra arte EHUko paraninfoan (Abandoibarra 3-1) bisitatu ahal izango den erakusketa urriaren 6an inauguratuko da, arratsaldeko 19:00etan, eta egilea bertan egongo da. 

Bilboargazki 2015

Hainbat estilo eta gai lantzen dituzten zortzi argazki erakusketa bisitatu ahal izango dira hiriko zenbait lekutan urriaren amaierara arte, Bilboargazkiren bederatzigarren edizioaren barruan. Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkarteak bultzatzen duen eta BBK Fundazioak laguntzen duen ekimenak Bilboko Udaleko Kultura Sailaren laguntza ere badu. Aurtengo parte hartzaileak dira, Andoni Lubaki eta Agustin Sagasti euskal argazkilariak, Yang Yueluan artista txinatar ospetsua edota Pedro Javier Pascual naturako argazkilari handia.

Berrikuntza gisa, oraingo honetan gonbidatutako argazkilari guztiak etorriko dira hirira. Horrez gain, "gure hiria, hilabetez, argazkigintzaren zaletuentzat erreferente bilakatzea bilatzen duen programaren barruan, artistekin harreman zuzena izateko aukera indartu nahi da hitzaldien eta tailerren bitartez". Artista horietako batzuek ibilbide luzea dute, Pedro Javier Pascualek edo gerrako argazkigintzan espezializatuta dagoen eta 2013an Aleppo hirian (Siria) egindako lanari esker saria jaso zuen Andoni Lubaki argazki-kazetari gipuzkoarrak, besteak beste.

Ikusleek hiriko ohiko guneetan gozatu ahal izango dute arte unibertsal horretaz: Abando-Barrainkuako eta Burtsako udaltegietan, EHUko paraninfoan eta erakusketa aretoan, Batzar Nagusietako aretoan, La Granja kafetegian, Espacio de los Mundosen eta FNACen.

Bilboargazki, beste ezer baino gehiago, "argazkigintzaren arteak eskaintzen dituen aukera ikusgarriez gozatzeko modua da, programatutako erakusketetan izango ditugun erreferentzia estetiko eta eduki aniztasun handia dela eta". Oraingo honetan, banakako eta taldeko zortzi erakusketa izango dira, hainbat estilotakoak, Pedro Javier Pascualen naturako argazkigintzatik Daniel Brändliren argazki artistikora, Agustin Sagasti argazkilariaren arkitektura harrigarrienera edo zoritxarrez erabateko gaurkotasuna duten Andoni Lubakiren gatazka argazkietara.

[2015-09-22] Bilboargazki 2015en, profesional handien zortzi argazki erakusketa, hitzaldiak eta tailerrak