Ballet flamenkoaren 20 urteko ibilia 'Imágenes'-en bildurik

uriola.eus 2015ko urr. 9a, 09:00

Andaluziako Ballet Flamenkoak emango dio amaiera gaur 2015eko Bilbao Flamenco jaialdiari. Taldeak Imágenes ikuskizuna aurkeztuko du Campos antzokian 20:00etan.

Ikuskizun Onenaren Giraldillo saria lortu du Imágenes ikuskizunak Sevillako bi urtez behingo Flamenkoko XVIII. Erakusketan. Hortaz, gaur iluntzean amaiera borobila emango dio Bilbao Flamenco jaialdiari.

Rafaela Carrascoren Imágenes lanak Andaluziako Ballet Flamenkoak urteotan egin dituen ekoizpenen pasarteak jasotzen ditu. Omenaldia egiteko aukeratu diren uneak "ez dira balletaren etapa desberdinen gainbegirada soila. Hori baino gehiago, aldi desberdinetako interpretazio pertsonalak dira", gaur egun zuzendari artistikoa den Carrascoren ikuspegi eta esperientziatik sortuak.

Andaluziako Ballet Flamenkoa arte jondoaren "ordezkari instituzionalik gorena da" eta "flamenkoaren enbaxadore" izan da 1994an sortu zenetik. Konpainia horretan sortu dira gaur egungo flamenkoaren izen handi batzuk, eta horregatik garrantzitsua da Mario Maya, Jose Antonio Ruiz, Maria Pages eta Cristina Hoyosen aztarnak gogoratzea, bai eta izan dituen koreografoak ere: Manolo Marin, Eva Yerbabuena, Fernando Romero, Isabel Bayon, Javier Latorre, Rafael Campallo, Javier Baron, Manolete, Antonio Gades, Alejandro Granados, Ruben Olmo eta Rafaela Carrasco.

Balletaren historian hainbat sari gogoangarri izan dira, ikusleen eta kritikarien eskutik etorritakoak eta arte eszenikoetan adituek emandakoak. "Horregatik guztiagatik da konpainia garrantzitsua eta bere ekoizpenak sakon sartu dira ikusleengan, mundu osoan flamenkoaren inguruko gero eta interes handiagoa sustatuz".


Andaluziako Ballet Flamenkoa: Imágenes

Urriak 9 ostirala, 20:00etan, Campos Eliseos antzokian.

Sarrerak: 15-20 euro

www.bilbaoflamenco.com 

www.facebook.com/BilbaoFlamenco  

www.bilbao700.com