Elementu mitologikoak ugari, likantropoak eta banpiroak, baita aingeruak ala ametsetan alfonbra hegalarian ibiltzen ikasi duten pertsonaiak ere… Irati Jimenez kazetari eta idazlearen Nora ez dakizun hori (euskaraz) ala Nora (gazteleraz) narrazio liburuak oinarri hartuta, ikusentzunezko saio berezia eskainiko dute elkar liburu-dendan Irati Jimenez egileak berak eta Petti musikari nafarrak 18:30etatik aurrera.
Liburu-dendako txokoa irudiz eta atrezzoz dotoretuta, eta Pettiren gitarra doinu eta ahots ederraz lagunduta, Irati Jimenezen narrazioak egilearen ahotik gozatu ahal izateko zita ederra.
Errezitaldia, momentuz, Bilbon egingo dute, eta datorren astean, azaroaren 26an, Iruñean. Hortik aurrera "ikusiko dugu", dio Jimenezek. "Jendearen erantzuna ona bada, eta gustuko badute, Petti eta biok errepikatzeko prest gaude. Baina esandakoa, momentuz, ea lehen biak nola doazen! Inoiz formatu honetan ibili gabea naiz, eta ikusiko dugu asmatzen dudan. Azken hitza ikusleek izango dute. Gonbidatuta daude etortzera eta ahal dela, gozatzera".
Irakurri Nontzeberri agerkariak Irati Jimenezi egindako elkarrizketa.