Hileko Dokumentala', Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, ZINEBIK, urte osoan zehar bere programazioari jarraipena emateko antolatu duen estreinaldien zikloak, Alba Sotorra zinegile gazte katalanak zuzendutako Game Over (2015. 78 minutu) eskainiko du ostegun honetan, azaroaren 26an. Dagoeneko hainbat sari jaso ditu parte hartu duen jaialdietan. Ohikoa denez, emanaldia Multicine aretoan izango da (Jose Maria Escuza, 13) arratsaldeko 20:00etan. Sarrerak 3,70 euroko prezioa izango du.
Djalal, oinez hasi aurretik gerra jokoekin obsesionatuta dagoen gaztea da. Klase ertaineko familia katalan batean seme bakar gisa hezita, gurasoek kapritxo guztiak onartu zizkioten. Jostailuzko arma mota guztiak zeuzkan, soldadu izatera jolas zedin eta, hazi ahala, bere jolasak gero eta sofistikatuago bilakatu ziren. Bere burua bideoan grabatzen hasi zen, operazio militarrak irudikatuz eta Youtubera igoz, milaka jarraitzaile dituen Lord_Sex nortasun zibernetikoarekin.
Amets hori muturreraino eramanez, Afganistango gerrara joan zen frankotiratzaile gisa borrokatzera. Baina gerran ez dago filmetan bezain beste akzio… Djalal desengainatuta itzuliko da gurasoen etxera, eta dena aldatu egin dela ikusiko du. Krisi ekonomikoak familia astindu du, eta erabakiak hartu beharko ditu. Jolasa amaitu da, eta Djalalek bere lekua aurkitu beharko du benetako munduan.
Alba Sotorra Berlinen bizi den zuzendari eta bideoartista da. Bere filmografiako proiektu garrantzitsuenak Unveiled Views (2008) eta Qatar the Race (2011) dira. Gaur egun ingeniaritza klimatikoari buruzko transmedia proiektua eta amatasun subertsiboei buruzko dokumental bat ari da gauzatzen. Game over bere azken dokumentalak sariak jaso ditu Karlovy Vary (Txekiar Errepublika), DocsBarcelona, Documenta Madrid eta Malagako Jaialdietan.
Zinebik, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, jarraipena emango dio urte osoko programazioari Hileko Dokumentala deritzon zikloaren bidez. Ekimen horren bitartez, generoaren zaletuek, nazioarteko beste jaialdi batzuetan sariak lortu dituzten edo aukeratuak izan diren arren, merkataritza zirkuituan ia banaketarik lortu ez duten lanez gozatzeko aukera izaten dute. Horrela, Parallel40 banaketa-etxearen eskutik, Multicine aretoek, zientziari, ekonomiari edo gizarteari buruzko erabateko gaurkotasuna duten gaiak lantzen dituzten dokumentalak estreinatzen dituzte.