Duela 100 urteko Bilbo eta bilbotarrak

uriola.eus 2015ko abe. 3a, 07:31

Tejedor Azua familiaren jabetza pribatuko argazki bilduma

Benito Tejedorrek (1934-1986) -galdaragilea eta argazkigintzazalea bera- negatibo batzuk (137) eta 1880. urtearen amaierako kutxa-tankerako kamera bat aurkitu zituen 1960an, Erronda kaleko trasteleku batean. "Ez dakigu argazkilaria nor zen eta zergatik laga zituen han", baina 55 urte geroago, argazkiok 'Bilbo eta bilbotarrak duela 100 urte' izeneko erakusketan ikusteko aukera izango du nahi duen orok gaurtik aurrera.

1905 eta 1910 inguruan Bilboko jendea nolakoa zen eta zertan aritzen zen erakusten dute irudiok. Garaiko kale nagusietan hiritarrak, baserritarrak, zalgurdi-gidariak, zapata garbitzaileak, poliziak, kale-garbitzaileak, umezainak eta abar ageri dira.

Guzti-guztiak Bilbon bizi izan ziren, eta ehundik gora urte geroago berriro ikusteko aukera eskaintzen du argazki erakusketak. Horrela, "hirian barrena noragabe ibiltzen imajina ditzakegu eta Bilbo argazkian ageri diren pertsonak bezainbat aldatu dela ikusi".

'Bilbo eta bilbotarrak duela 100 urte' argazki erakusketa Zabalguneko Bilbao eraikinean (Zabalgune plaza 11) egongo da ikusgai gaurtik, abenduaren 3tik, 2016ko urtarrilaren 24ra.

www.flickr.com/photos/bilbaokultura

@BilbaoKultura

bilbaokultura.net

Ordutegia

Astelehenetik ostiralera 08:00-20:00

Asteburu eta jaiegunetan: 11:00-14:00 eta 17:30-20:30