Zikloan bildutako zuzendari gizon-emakumeak, ironiaz, ahozko narrazioaren mekanismoez, herri-generoez eta abangoardia artistikoaz baliatzen dira, mendebaldeko iruditeria irauli eta agenda kapitalistaren aginduak eztabaidan jartzeko.
Aurkeztuko diren fikziozko film-laburrek eta lan esperimentalek, kontinente afrikarreko mugetatik kanpora nekez ezagutzen diren errealitateak berreskuratzera eramango gaituzte, guztiak ere kolonialismoarekin topo egitearen ondoriozko eraginak dituzten errealitateetara. Zinemagileen talde azpimarragariaren beste helburuetako bat, mendebaldearekin egindako talka horretatik sortutako desira, estutasun eta kontraesanei erantzutea izan da, eta hori islatuta azaltzen da laburmetraietan.
Hollywood eta beste zinemagintza-industria batzuek maila globalean inposatu dituzten mugak direla eta, filmetan bildu diren autoreek –Moustapha Alassane nigeriarrak, Jean-Marie Teno dokumentalgile kamerundarrak edo Ghanako Akosua Adoma Owusu zuzendari gazteak– ikus-entzunezko artxibo alternatibo bat proposatu dute: bertako esperimentazio eta konpromiso etikoaren maila harrigarria irudituko zaio espezializatu gabeko ikusleari. Lan horiek ikusteak auzitan jartzen du zinema unibertsalaren narrazioa kontatu izan duten moduan, eta erakusten du Afrikan komunikatu eta entretenitzeko gaitasuna bikaintasun artistikoarekin batera gauza daitekeela.
Bi egunetan zehar bost film-labur ikusi ahal izango ditugu; hona hemen bi egun hauetako programa:
Urtarrilak 13
- 'Leeretour d'un aventurier' (34min)
- 'Hommage' (13min)
- 'Kwaku ananse' (25min)
Urtarrilak 20
- 'Dolce vita africana' (69min)
- 'Nora' (35min)
Informazio gehiago nahi izanez gero sartu Azkuna Zentroko web orrialdean: www.azkunazentroa.com