Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak euskararen kaleko erabilera sustatzeko, Bilboko euskaltegien sarearekin batera abiarazi zuten Berbagunea, kontsolidatuz doa apurka-apurka Bilboko kultur jardueren egutegiaren barruan. Honela, ostegunean, urtarrilak 21, euskaldunen arteko bilgune honen laugarren edizioa antolatu dute Azkuna Zentroan, euskara kalera atera eta hizkuntzaren erabilera sustatzen jarraitzeko asmoz.
Euskara euskaraz partekatzea da Euskara eta Hezkuntza Sailak, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskararen Zuzendaritza Nagusiak eta Bilboko euskaltegien sareak laugarren urtez deitu duten Berbagunearen asmo nagusia, eta aurten, abenduko Euskararen Nazioarteko Egunean zabaldutako mezu instituzionalarekin bat eginez, euskaldun berrien ahalegin eta ekarpena aitortu eta gure hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko duten garrantzia aldarrikatuko du.
Berbagunearen laugarren edizio honetako erronka, berriz ere, euskara kalera ateratzea da eta euskaldunek zenbait gairi buruz euskaraz aritzea; hau da, besteak beste, liburuei, kirolari, aisiari buruz euskarazberba egitea; eta horrela Bilbon euskararen erabilerari bultzada ematea.
Era askotako euskaldunak elkarrekin
Berbaguneak euskaraz ulertzeko eta berba egiteko gai diren pertsonak bilduko ditu, kezka bera duten pertsonekin hizketan, giro atseginean, aritu nahi badute. Horretarako, euskaldunak eta euskara ikasten ari direnak mahai berean jarriko dira ostegunean, 09:30etatik 18:00etara bitartean, hainbat elkarrizketetan parte hartzeko.
Jarduera egun osoan izango da Azkuna Zentroko atrioan, baina txandaka, eta guztira, 1.600 pertsona inguruk parte hartuko dute, lau txandatan banatuta. Lehenego txanda 09:30etatik 11:00etara izango da, bigarrena 11:00etatik 12:30etara, hirugarrena 12:30etatik 14:00etara eta laugarrena 16:30etatik 18:00etara.
Txanda bakoitzean hainbat talde antolatu dira. Talde bakoitzean sei pertsona egongo dira eta aurretik jarritako gai bati buruz hitz egingo dute. Hogei minutu iraganda, egondako mahaitik altxatu eta beste mahai batera joango dira parte hartzaileak, hain zuzen ere, beste gai bati buruz hitz egiteko. Txanda bakoitzeanbirritan aldatuko dira mahai batetik beste batera parte-hartzaileak; hau da, hiru mintzagai izango dira. Horretarako, parte-hartzaile bakoitzari lantzeko gaiak jasotzen dituen triptiko bat banatuko zaio.
Mahai guztietan pertsona bana egongo da gaia proposatzeko eta mahaiko kideen elkarrizketan moderatzaile-lana egiteko. Aurten Mikel Martinezen, Patxo Telleriaren, Miren Agur Meaberen, Juanra Madariagaren, Oihan Vegaren… presentzia nabarmentzekoa da.
Ekitaldia erakargarria izateko kultura, gizarte, ekonomia, kirol eta politika-arloko zenbait pertsonak ere parte hartuko dute Berbagunean eta herritarrekin mahai berean egongo dira euskara ageriagoan uzteko hirian.