Greziako krisialdia azaltzen da film honetan, euren patua gobernatu gura duten hiru pertsonaiaren ikuspegitik. Giorgios etxe barik geratu da gainbehera ekonomikoa nozitu ondoren; bizimodu berria eratzen dihardu. Aldi berean, Grigorisek alde egin du hiritik bere familiarekin, bizimodu berriaren bila mendian. Azkenik, Ilias "patata mugimenduko" kide egin da, elikadura-kateei aurre egiteko, elkartasunaren eta zuzeneko demokraziaren bidez. Krisiak Europa barruko ezberdintasunak areagotzen dituen bitartean, hiru pertsonaia horien adoreak gizakiek errealitatea aldarazi dezaketela ekartzen digu gogora.
Elena Zervopoulou film luzeen munduan murgildu da lan honekin. Greziar zuzendari honek Etnopsikologia estudiatu zuen Paris 5 Unibertsitatean. UNESCOren aholkulari ere izan da Madagaskarren kalean bizi diren umeei buruzko proiektu batean. Nanterreko Unibertsitateko Antropologia eta Zinema Dokumentaleko masterra du. Zenbait proiektu gauzatu ditu mundu osoko GKEentzat. Sea Gypsies (2012) film laburra ere zuzendu du. BBCren Why Poverty? dokumentalen sailaren barruko filma da.
Zinebik Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak jarraipena emango dio urte osoko programazioari 'Hileko Dokumentala' deritzon zikloaren bidez. Ekimen horren bitartez, generoaren zaletuek, nazioarteko beste jaialdi batzuetan sariak lortu dituzten edo aukeratuak izan diren arren, merkataritza zirkuituan ia banaketarik lortu ez duten lanez gozatzeko aukera izaten dute. Horrela, Parallel40 banaketa-etxearen eskutik, Multicine aretoek, zientziari, ekonomiari edo gizarteari buruzko erabateko gaurkotasuna duten gaiak lantzen dituzten dokumentalak estreinatzen dituzte.