Ohikoa denez, emanaldia Multicine aretoan izango da (Jose Maria Escuza, 13) arratsaldeko 20:00etan, gaztelaniazko azpi-tituluak izango dituen danierazko jatorrizko bertsioan. Sarrerak 3,70 euroko prezioa izango du.
Filmak sariak lortu ditu Europako eta Estatu Batuetako hainbat zinemalditan. Protagonista Niels Stockholm da, nekazaritza biodinamikoan aritzen den 79 urteko nekazaria. Rita emaztearekin lantzen du lurra Kopenhage iparraldean. Bere bizitzaren filosofia, gizakia eta lurra unibertsoarekin lotuta daudela dioen ideian oinarritzen da eta, horregatik, ilargi-egutegiarekin erabateko sinkroniarekin lantzen ditu bere elikagaiak, kosmosarekin ahalik eta harmoniarik egokiena lortzeko.
Freskoak eta kalitate maila bikainekoak diren bere landetxeko elikagaiak mundu osoko jatetxe hoberenetan kontsumi daitezke, horien artean Danimarkako hiriburuko Noma ezagunean. Hala ere, Nielsek, bere eguneroko jardueran eragina duten hainbat arazo ditu aurrean. Bere landetxea, printzipio biodinamikoak kontuan hartzen ez dituzten agintarien arauetara egokitu behar da. Baina bere ardura nagusia, bere bizitza amaierara heltzen ari dela eta bere ametsarekin jarrai dezakeen ondorengorik ez duela sentitzea da.
Phie Ambo zinegile dokumental gisa graduatu zen National Film School of Denmark izenekoan 2003an. 2001ean Joris Ivens sari ospetsua irabazi zuen IDFAn, Family (2001) lanarekin. Danish Documentary Production ekoiztetxearen sortzaileetako bat da. Une honetan, Mechanical Love (2007) eta Free the Mind (2012) lanek osatzen duten giza zientziari eta existentziari buruzko trilogiari amaiera ematen dion Ripples on the Shore filmean ari da lanean.
Zinebik Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak jarraipena emango dio urte osoko programazioari 'Hileko dokumentala' deritzon zikloaren bidez. Ekimen horren bitartez, generoaren zaletuek, nazioarteko beste jaialdi batzuetan sariak lortu dituzten edo aukeratuak izan diren arren, merkataritza zirkuituan ia banaketarik lortu ez duten lanez gozatzeko aukera izaten dute. Horrela, Parallel40 banaketa-etxearen eskutik, Multicine aretoek, zientziari, ekonomiari edo gizarteari buruzko erabateko gaurkotasuna duten gaiak lantzen dituzten dokumentalak estreinatzen dituzte.