Bilboko Musika Banda Estatuko Flauta Joleen IV. konbentzioaren protagonista

uriola.eus 2016ko api. 29a, 10:49

Estatuko flauta joleen konbentzioaren lehen kontzertuan, Bilboko Musika Banda izango da protagonista larunbat honetan, apirilak 30, Campos Antzokian. Gaurtik hasita maiatzaren 1era arte, bi urtez behin flautaren inguruan ospatzen den ekitaldian, Jose Rafael Pascual Vilaplanak egingo du zuzendari lana Bandako 45 interpreteentzat.

Estatuko Flauta Joleen IV. Konbentzioan, Jose Rafael Pascual Vilaplanaren zuzendaritzapean Bandak Juana Guillem Espainiako Orkestra Nazionaleko flauta nagusiarekin batera arituko da 18:00etan hasiko den kontzertu berezian. Bilboko Bandaren baitan aldiz, Iñaki Gurruchaga, piccoloa, arituko da bakarlari gisa.

Bestalde, Juliette Hurel, Jacques Zoon eta Peter Lukas Graf bezalako musikariak ere arituko dira kongresuan. Konbentzioaren barruan, Iberiar Penintsulan bizi diren eta goi mailako ikasketak egiten ari ez diren 20 urtetik beherako flauta joleei zuzendutako III. lehiaketa ere egongo da. 

Kontzertu berezia

Oso berezia da Musika Bandaren zuzendari titularrak prestatu duen egitaraua datorren larunbaterako. Hasteko, 1885ean haiza ensemblerako eta flauta jole bakarlariarentzako Charles Gounodek idatzi zuen 'Petite Symphonie' interpretatuko dute. Ondoren, flautinerako 'O canto do Rouxinol' polka anonimoa eta Pascoal konposatzaile portugaldar gaztearen 'Concertino for piccolo' entzun ahal izango dira Iñaki Gurruchaga bandako bakarlariarekin. 

Kontzertuaren bigarren partean aldiz, Pascual Vilaplanak 1966an Joaquin Rodrigok egindako 'Adagio for wind instruments' interpretatuko du Bandako haize musika tresnekin batera. Amaietzeko, Juana Guillem bakarlariak Mike Mower konposatzaile eta flauta jole ingeles garaikidearen 'Concerto for flute and wind orchesta' joko du beste musikari guztiekin batera.