Espazioarekin amets egiten duten amateurrak

uriola.eus 2017ko api. 27a, 08:55

Amateurs in espace film daniarra eskainiko du Zinebik Hileko Dokumentala programaren baitan gaur 20:00etan, Multicine 7 aretoan. Kristian eta Peter ingeniariek espaziora bidaiatzeko duten ametsa egi bihurtzeko egiten duten ibilbidea erakusten du dokumentalak. 

'Hileko Dokumentalak', Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, Zinebik bere programazioari urte osoan zehar jarraipena emateko antolatu duen estreinaldien zikloak, Max Kestnerrek zuzendutako Amateurs in espace (Danimarka, 2016. 89') filma eskainiko du gaur, hilak 27, gizateriak duen amets handienetako bati buruzko istorioa: espaziora bidaiatzea. Emanaldia Multicine 7. aretoan izango da –sarrerak 3,70 euro balioko ditu–, eta danierazko jatorrizko bertsioan eskainiko da, gaztelaniazko azpi-tituluekin.

Kristian eta Peter adiskideak eta lehen mailako ingeniariak dira, eta amets bat dute: espaziora bidaiatzeko aukera emango dien espazio-ontzia eraikitzea euren kontura. Arrakasta badute, Danimarka, Lurraren atmosferatik haraindi pertsonak bidaltzen dituen laugarren herrialdea izango da. Aeronautika zale porrokatu talde batek lagunduta, protagonista biak erronka tekniko handien kontra borrokatu beharko dira eta euren familiako betebeharrak baztertu, ametsa errealitate bihurtzeko.

Martin Kestner (1969) zinegilea Danimarkako Zine Nazio Eskolan graduatu zen. Sarritan egin du lan Danimarkako telebista publikorako, eta sariak lortu ditu nazioartean Max by Chance (2004) eta The World in Denmark (2007) film labur dokumentalekin. Amateurs in espace lanak hainbat sari irabazi ditu Estoniako, Finlandiako eta Herbehereetako zenbait jaialditan.