Orain dela urte eta erdi sortu zen Indautxuko Jai Batzordea auzoko hainbat eragileren eskutik. Asmoa "auzo sentimendua, auzoko giroa eta auzoko jaiak berreskuratzea" da. Iaz ospatu zuten lehen Indautxu Eguna, eta aurten jarraipena eman nahi izan diote, "indautxutar guztiak batuko dituen eguna" antolatuz.
11:00etan txikigunea eta tortilla txapelketarekin emango diote hasiera jai programazioari, eguerdian pregoia eta txupinazoa egiteko. Herri Bazkariaren aurretik bisita gidatua eta euskal dantzak ikusteko aukera egongo da. Arratsaldean, berriz, musika eta jolasak izango dira nagusi. 17:00etan Sister Moon taldearen kontzertu akustikoa eta ginkana izango dira, eta 19:30ean Trikizioren erromeria hasiko da. Gauean, 01:00etatik aurrera, 80ko hamarkadan girotutako festa egingo dute CAOS & Cotton Club-en.
"Indautxu berpizten ari da", adierazi dute Jai Batzordeko kideek. "Indautxu bizirik, sortzaile eta alai nahi dugu". Bide horretan ari dira lanean Jai Batzordea osatzen duten talde eta norbanakoak, eta aurreratu dute aurtengoa "itzela" izango dela.
Informazio gehiago: Indautxuko Jai Batzordea