Arartekoaren aurrean salatu dute MOMA diskotekaren auzia

uriola.eus 2017ko mai. 30a, 08:40

Bilboko Hotel Ilunion eta Rodriguez Arias kaleko bizilagunek administrazio publikoen botere gehiegikeriagatik denuntziatu dute Bilboko Udaleko Ingurumen Saila.

Hotel Ilunion eta Rodriguez Ariaseko bizilagunek MOMA diskotekak bost hilabeteetako ibilbidean eragin dituen kalteen aurrean Bilboko Udaleko Ingurumen Sailak hartutako jarrera pasiboa salatu diote Arartekoari auziari behin betiko irtenbidea aurkitze aldera. Horrekin batera, udal-arautegiaren betetekizunari uko egin izana egotzi diote kaltetuek eta denuntziarekin batera, bizilagunek askotariko lekukotasunak aurkeztu dituzte, gizabidearen kontrako jarrerak erakusten dituzten bideoak, udal ikuskariek jasotako sonometria-proba positiboak eta Udalarekin trukatutako posta elektronikoko mezuak, besteak beste.

Bizilagunen arabera, azken neurri hau hartzera behartuta ikusi dute haien burua hainbat saiakeren ondoren jasotako arreta ezagatik eta ohartarazi dute zenbait zinegotzik auzia behin baino gehiagotan eraman dutela udaletxean egindako agerraldietara, osoko bilkuretara eta irrati solasaldietara, eta orain arte ez dutela erantzunik jaso.

 

Bost espendiente bere gain

Orain arte MOMA diskotekak bost txosten pilatu ditu, horietako hiru aste santuan dezibelio muga gainditzeagatik.