Arte Ederren Museoak doako sarreraren ordutegia luzatu du

uriola.eus 2017ko uzt. 18a, 09:14

Museoa zabalik dagoen egun guztietan bisitatu ahalko da bilduma iraunkorra doan eta aldi baterako erakusketa tarifa murriztuarekin, 18:00etatik 20:00etara.

Atzo indarrean sartu zen Bilboko Arte Eder Museoko bilduma iraunkorrean doan eta aldi baterako erakusketetan salneurri murriztua ordainduta sartzeko ordutegi berria. Astean orain arte baino bi ordu gehiagotan egongo da museoan doan sartzeko aukera, eta zabalik dagoen egun guztietan baliatu ahalko da eskaintza.

Asteazkenetik astelehenera 18:00etatik 20:00etara bilduma iraunkorra ikusteko sarrera doakoa izango da, eta aldi baterako bilduma ikusteko sarrera murriztua. Horrekin batera, audiogida bat alokatzea 3 euroan izango da.

Orain arte, asteazkenetan 10:00etatik 15:00etara eta igandeetan 15:00etatik 20:00etara sartu ahal zen dohainik museora.

10:00etatik 18:00etara, orain arteko tarifei eutsiko diete: sarrera orokorra 9 euroan erosi ahalko da, audiogida doan bilduma iraunkorrean, eta 3 euro aldi baterako erakusketan; eta murriztua 7 euroan, audiogida doan bilduma iraunkorrean, eta 3 euro aldi baterako erakusketan.

Ordutegian ere, ez da aldaketarik egongo: asteazkenetik astelehenera, 10:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, eta astearteetan itxita.