Hezkuntza Sailak onartu zuen eskaera aurreko ostiralean, ekainaren 19an. Eskaera, guraso talde batek aurkeztu zuen ikerketa baten ostean. Horren arabera, Felix Serrano erregimen frankistaren kide eta irakaslea izan zen, gaur egun eskolak sustatzen duen euskal kulturarekin zerikusirik ez zuena. Gainera, Serranok bere izen bereko eskolan irakasle aritu ez izana ere egotzi diote. Horregatik, Indautxuko Eskolak izena berreskuratzearen aldeko apostua egin dute, hori izan baitzen 1918an eskola inaguratu zuteneko jatorrizko izena. Maiatzaren 29an, bozketara eraman ostean, bai eskolako klaustroa, bai eskolako ikasleen gurasoen gehiengoa izenaren aldaketaren alde agertu zen. Proposamena Bilboko Udalera eraman zuten eta bertatik Hezkuntza Sailera.
Bosgarren izen aldaketa
Eskolak hainbat izen izan du bere sorreratik gaur egun arte. Luis Elizalde izena ere hartu zuen eskolak, Euskaltzaindiaren sortzaileetako kidearena, zentroaren hezkuntza sisteman euskara sartzeagatik. Halaber, datuen arabera, Euskaltzaindiak ere eskolan bertan izan zuen behin-behineko egoitza. Frankismo garaian, ordea, eskolak jatorrizko izena hartu zuen berriro, eta 1938tik 1961era Escuelas del Generalisimo Franco izena hartu zuten. Ordutik aurrera, Felix Serrano irakaslearen izena ematea erabaki zuen Bilboko Udalak frankismoan, gaur egun arte iraun duena.