Errefuxiatuen errealitate gordina erakutsiko du 'Arrakala' erakusketak Abandoibarran

uriola.eus 2017ko eka. 22a, 15:34

Carlos Spottorno argazkilariak eta Guillermo Abril kazetariak Europako mugetan dauden errefuxiatuen inguruan egindako irudiek osatzen dute erakusketa. Abandoibarrako pasealekuan kokatutako 24 paneletan erakutsiko da obra uztailaren 17ra arte.

Bilboko Udalak eta BBVA Fundazioak Arrakala izeneko argazki erakusketa aurkeztu dute gaur goizean. Carlos Spottorno argazkilariak eta Guillermo Abril kazetariak Europako mugetan dauden errefuxiatuen inguruan egindako irudiak daude ikusgai, 24 paneletan. Arrakala liburua osatzen duten 168 orrialdeetatik 50 jasotzen ditu. Europako mugetan gertatzen denaren inguruko 25.000 argazki eta 15 koadernoen artean egindako hautaketa bat. Erakusketa hau Abandoibarrako pasealekuan egongo da, Deustuko Zubiaren eta Pedro Arrupe pasabidearen artean, uztailaren 17ra arte. Erakusketaren helburua Europako mugetan egunero bizi den errealitate mingarriaren berri ematea da.

Liburua

Carlos Spottorno argazkilaria eta Guillermo Abril kazetaria World Press Photo sariaren irabazleak dira. 2013an Europar Batasuneko kanpo mugetan erreportaje batzuk egiteko enkargua jaso zuten El Pais Semanal astekariaren aldetik. Erreportajeak argitaratu ondoren eta BBVA Fundazioaren Leonardo Bekaren laguntzaz, egileek beste forma bat eman nahi izan zioten 25.000 argazkiz eta 15 koadernoz osatutako lanari. Horrela, liburu berezi bat sortu zuten, nobela grafikoa. 2016ko abenduan argitaratu zuen Astiberri argitaletxeak eta hainbat hizkuntzara itzuli da dagoeneko.

Argazki erakusketa honen testuinguru historikoa honakoa da: “Egileek azaldu dute milaka errefuxiatuk gurutzatzen dutela Egeo itsasoa Turkiatik eta Balkanetatik heltzen direla Alemaniara. Hungarian, Bukarestek mugen itxiera dekretatu zuen; ibilbidea aldatu egin zen, Kroaziarako norabidea hartuz, eta Schengen eremuko herrialdeak EB barruko zirkulazio askea mugatzen hasi ziren. Europako ekialdeko mugan zehar egindako bidaia da. 2.500 kilometrotik gorako ibilbidea, Balkanetatik Artiko hotzeraino. Harresi eta herrialde blindatuak, NATOren tankeak, Ukraina eta Kaliningradoren arteko tentsioa eta Errusiaren beldur diren herrialde baltikoak, hegoaldeko muga ahaztu gabe".