LGTBI+

Eraso homofoboa aitortu ostean bertan behera geratu da erasotzailearen kontrako auzia

uriola.eus 2017ko eka. 27a, 12:33

Urte eta erdi pasa da langile batek eraso homofoboa pairatu eta ondoren enpresak kaleratu zuenetik. Epaiketa gaurko ezarrita zegoen baina azkenean bertan behera geratu da, erasotzaileak, langilearen nahia zen aitormena eman ondoren.

Gaur goizean LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Abandoko epaitegien aurrean Lan munduan ere aniztasun sexuala goiburupean. Orain dela urte eta erdi LABeko afiliatua den langile bat eraso homofoboa jasan ondoren enpresatik kaleratua izan zen. Erasotzailea identifikatu zuten eta gaurko zegoen ezarrita bere aurkako epaiketa, baina azkenean bertan behera geratu da. Erasotzaileak langilea arrazoi homofoboengatik jipoitu zuela aitortu du. Horixe zen langilearen nahia. Bi aldeen arteko akordioagatik, ez da epaiketa hasi.

Urtzi Ostolozaga LAB sindikatuko kideak URIOLAri adierazi dionez, orain dela urte eta erdi LABeko afiliatua den langile batek eraso homofoboa jasan zuen kalean ezezagun baten iranei erantzun ostean. Kaltetuak ebakuntza egin behar izan zuen eta lanera bueltatzean "kaleratze gutuna jaso zuen". Langileak sufritutako erasoa komunikabideetan agertu zen eta "enpresak horren berri jakin zuen eta kaleratu zuten. Hortaz, bi eraso homofobo izan ziren".

LGTB kolektiboaren harrotasun eguna baino egun bat lehenago, LABek salatu du "homofobiak jendartean lekurik ez duela". Gizarte heteropatriarkalaren indarkeria lan munduan lau aldiz handiagoa dela azaldu du Ostolozagak, eta giza-talde horren egoerari ikusgarritasuna eman nahi izan du LABek. Gainera, aurreko asteburuan ospatutako Bilbao Pride ekimena salatu egin du, horrelako jaialdiek "sexu aniztasuna merkantilizatzen dutelako".