Bill Violaren 'Atzera Begirakoa' erakusketa sakona Guggenheim Museoan ikusgai

uriola.eus 2017ko eka. 30a, 09:39

Artelanak artistaren jardunbidean zehar egindako ibilbide tematiko eta kronologikoa osatzen du, eta "arimarentzako bidaia" izatea du helburu. Gaur irekiko ditu ateak eta 20:30etik 23:30era erakusketa ikusteko doako bisitak egingo dira asteburuan. Obra gaurtik azaroaren 9ra arte ikusgai izango da.

Gaur irekiko ditu ateak Bill Violaren Atzera Begirakoa erakusketak Bilboko Guggenheim Museoan. Obra, bigarren solairuko zortzi geletan proiektatuko da. Atzera Begirakoa erakusketak artistaren jardunbidean zehar egindako ibilbide tematiko eta kronologikoa osatzen du. Violaren ekoizpeneko gai garrantzitsuenetako batzuk jorratzen dituzte: denboraren nozioa eta horren dekonstrukzioa, giza-existentziaren inguruko ikerketa eta ingurunearen eta naturaren soinuen grabaketa eta manipulazioa baliatuz egindako saiakerak.

Kira Perov Bill Viola Studioko zuzendaria eta artistaren emaztea adierazi duenez, artelanak "arimarentzako bidaia" izatea du helburu. Bizitzako esperientzia eta pasarte “oinarrizkoenak” barnebiltzen ditu obrak, hala nola, jaiotza, heriotza, sentimenduak, eta espiritualtasuna, "murgiltze esperientzia da".

Gaur, ekainak 30, eta uztailaren 1ean eta 2an, 20:30etik 23:30era erakusketa ikusteko doako bisitak egingo dira. Erakusketa gaurtik azaroaren 9ra arte ikusgai izango da.

Bill Viola

Bill Viola (New York, 1951) gaur egungo artistarik nabarmenen artean dago, eta oso ezaguna da bideoartearen garapenaren aitzindari izateagatik. 1970ko hamarkadaren hasieran ezagutu zuen bitarteko hori, New York estatuko Sirakusa Unibertsitateko Ikasketa Esperimentalen programan parte hartu zuenean. Artistaren lehenengo bideoetan nabaria da jada artistak autoezagutzarekiko duen interes etengabea; gerora, mendebalde nahiz ekialdeko tradizioetako testu mistiko eta espiritualen irakurketak aberastuko du esplorazio hori. Violaren lana bideoaren teknologiarekin batera garatu da, eta tresna berri bakoitzak aukera eman dio giza-izaeraren hainbat alderdi aztertzeko: jaiotza, heriotza, eraldaketa, birjaiotza eta itxuraldaketa. Gai horiek, izan ere, 40 urtean zehar gauzatutako produkzioan funtsezkoak izan dira.