Paul Austerrek '4 3 2 1' eleberria aurkeztuko du asteazkenean Alondegian

uriola.eus 2017ko ira. 4a, 08:00
Argazkia: lustauflesen.de

Paul Auster 4 3 2 1 eleberri berria aurkeztuko du Bilbon irailaren 6an. Istorioak maitasuna, laguntasuna, familia, artea, politika eta heriotza uztartzen ditu, protagonistak bizi izandako ibilbide desberdinak azaleratuz.

Paul Auster idazle estatubatuarrak 4 3 2 1 eleberri berria aurkeztuko du Bilboko Alondegian irailaren 6an. Ekitaldia auditoriumean izango da 19:30etik aurrera. Sarrerak uztailean eskuragarri jarri eta berehala agortu ziren. 

Ameriketako Estatu Batuetako gaur egungo idazlerik garrantzitsuenetakoa da Auster (New Jersey, 1947), eta oso lan ezagunak egin ditu, tartean New Yorkeko Trilogia. Austerrek filosofiatik eta existentzialismotik hurbil dauden gaiak nahasten ditu, maiz errealismo magikora hurbiltzen diren bilbeekin. In the Country of Last Things, Moon Palace eta Leviathan lanak sortu ditu, adibidez, eta euskaraz ere irakur daitezke haren zenbait lan, hala nola, Neguko egunerokoa, Gizona ilunpean, Kristalezko hiria eta abar.

4 3 2 1

4 3 2 1 lanaren protagonista Ferguson da, eta haren jaioteguna eta jaiolekua (1947ko maiatzaren 3a, Newark, New Jersey) dira berataz dakigun gauza bakarra. Istorioak maitasuna, laguntasuna, familia, artea, politika eta heriotza uztartzen ditu, protagonistak bizi izandako ibilbide desberdinak azaleratuz, baita XX. mendeko erdialdean AEBetan bizi izandako zenbait ekimen garrantzitsu ere.

 

Argazkia: lustauflesen.de