Binetek orduko Bilboko errealitatea ulertzen laguntzen digute?
Binetek egileek adierazi nahi duten errealitatearen zatia adierazten dute eta orduko binetak gaur egungo bezalakoak dira: egilearen arabera ikuspuntu bat dago eta garai hartan, egun bezala, binetagileek euren errealitatea eta euren ideologia adierazten dute eta horren arabera bai ironia, bai txistea, bai grazia, bai satira erabiliko dute bere helburua lortzeko. Binetetan helburua argi dago: alde batetik, errealitatearen gaineko kontzientzia hartzea eta, bestalde, binetagileek kontzientzia hori astindu nahi dute argi eta garbi; horretarako arerioak gaitzetsiko dituzte eta lagunak goraipatu. Orduan nire ustez garaiko binetak eta eguneko binetak berdin begiratu behar ditugu, garaian garaikoa ondo adierazten dutelako. Gainera, binetak dokumentuak dira. Ez da guk sortutako materiala, orduan halako bineta batek balio du garaiko izenburu batek beste, garaiko dokumentuak direlako daukate balio hori. Nik uste dut bigarren puntu hori oso inportantea dela, ez da soilik dibertimendurako egindako irudi bat; espresuki errealitatearen gaineko kontzientzia hartzeko eginda dago, horregatik egunkariaren lehengo orrietan agertuko dira, gauza inportantea balitz moduan.
Zer umore mota erabiltzen zuten binetagileek?
Denetarik zegoen. Dozena bi baino binetagile gehiago dira eta batzuk nahiko zorrotzak eta zuzenak dira eta errealitatea gordintasun handiarekin adierazten dute. Pentsa dezagun errealitatea gordina zela, errazionamenduaren edo frontearen egoeraren gaineko txisteren bat egin daitekeela baina bonbardaketen edo ebakuazioen gaineko txisteak egitea nahiko bortitza dela. Orduan umorea horrelakoa da. Beste irudigile batzuk finagoak dira (Ugalde, Muguerza, Murillo). Haiek markatzen dute etorkizuneko binetagileek egingo dutena.
Erakusketak otsaileko hauteskundeetatik Bilbo erori osteko garaira hartzen du. Egoeraren bilakaera islatzen da binetetan?
Ikusle fin batek antzemango luke, baina jakin beharko luke historia nahikotxo. Egunkariei soilik erreparatuz, batzuk uztailaren 18az geroztik sortu ziren eta hori baino lehen gehienak eskuinekoak ziren (La Gaceta del Norte, El Pueblo Vasco, Euzkadi…), El Liberal aparte geratzen da, Euzkadi Roja ez da oraindik egunkari bat eta La Lucha de Clases ez da existitzen. Otsaileko hauteskundeetatik uztailera bitartean eskumako egunkariak nagusi dira eta eskumako irudiak daude, gehienak gainera. La Gaceta del Nortek 60 bineta atera zituen hiru hilabeteetan, adibidez. Estatu Kolpeaz geroztik ezkerreko egunkariak agertuko dira eta haiekin batera beste umore bat, beste estilo bat eta beste ideologia bat. Binetak garrantzitsuagoak izango dira egunkariaren diseinuan, inprentaren munduan iraultza txiki bat dago eta askoz landuagoak daude.
Gerraz gain, Bilboko “intrahistoria” islatzen dute binetek. Zelangoa zen orduko bilbotarron bizimodua?
Lehengo eta behin konturatzen gara gizakiok egoera guztietara ohitzeko gaitasuna daukagula, benetan hor ikusten da momentu latz batzuk izan zituztela: apirilaren 22an Bilbo sei bider bonbardatu zuten, orduan sei aldiz etorri ziren hegazkinak, sei aldiz jo zuten sirenek, sei aldiz jendea aterpera sartu zen… Horrek asko eragiten du eguneroko bizitzan, baina adibidez uztailetik martxora arte eguneroko bizitzako kezkak ez ziren asko aldatu, soilik familiak seme-alabaren bat frontean bazuen. Urrian errazionamenduak hasi ziren eta horrek eragina izan zuen jendearen bizimoduan, janaria leku eta une batzuetan egoten zelako eta lortzeko ilara izugarriak egiten zirelako. Emakumeek hartu ohi zuten ardura, hori ere inportantea da. Bestalde, gizon asko frontera joan zirenez, milaka emakume zenbait enpresatan hasi ziren lanean, denbora gutxian izan bazen ere. Alondegian 7.000 emakume kapotak eta besterik egiten egon ziren, eta Galdakaoko dinamita fabrikan balak egiten aritu ziren. Gizonezkoek produkzio arrunta mantentzen zuten baina produkzio berriak aurrera ateratzeko emakumeak sartu zituzten. Horrek ere aldatu zuen askoren bizimodua, emakumeak fabriketara sartu zirenez, etxea zaintzeko denbora asko murriztu zen. Aldaketa gehiago egon ziren emakume asturiarrak eta sobietarrak, ingeniari zirenak, etorri zirenean: prakak janzten zituzten eta erretzen zuten. Hemengo emakume batzuk oraindik oso klasikoak ziren eta askorentzat, Lamiako inguruan adibidez, eskandalu hutsa zen emakume horiek halako itxurekin ikustea.
…
Otsailetik aurrera eguneroko bizitza asko mingosten da. Umeak ateratzen hasten dira, hasiera batean esango diete kanpamentuan doazela baina otsailean ikusten da ez direla bueltatzen eta gero eta ume gehiago atera behar dituztela. Apirilean emakumeak eta zaharrak ateratzen hasten dira, ekainean gudarostea korrika dabil, ekaineko defentsa numantinoa da, unitate bakoitzak bere defentsa egiten du, kuartel jeneralak ia ez du eraginik… Horrek asko eragin zuen eguneroko bizitzan. Aldi berean, egunerokotasunak segitzen zuen: zinema, dantza, ikuskizunak… Bilboko gaueko giroa hedatu zen, pelikula batzuk estreinatu ziren (Garai modernoak, Buhame-argiak), guda izan ez balitz bezala. Gudan egon arren, bizitzak segitzen zuen eta garai hartako jendeak indar handia zeukan zentzu horretan, nahiz eta anai-arreba edo gizon-andrea hil, aurrera segitu zuten. Igual guk baino askoz sakonduago zeukaten aurrera segitzeko sena.
Bilbo erortzearekin batera, irudigileak desagertu ziren. Zer dela-eta?
Denak desagertu ziren. Guda galtzen dute eta pertsona horiek nahiko inplikatuta egon dira Errepublikarekin. Haietariko batzuk komunistak, beste batzuk sozialistak, edota, Francoren ikuspuntutik onenak; nazionalistak, baina denak zigortu beharrekoak. Badakigu baten batzuk joan zirela eta “Frantziako Itzulia” delako hori egin zutela: Frantziara joan eta Katalunian agertu. Pare bat daukagu bineta pare bat egin zutelako. Beste batzuk hemen kamuflatzen saiatzen dira; azpi-gizarte batean sartzen dira, ahalik eta gutxien komunikatzen, ez dute berriz esango irudigileak izan direnik, ezizenarekin sinatzen zutenek ezizena galtzen dute. Pertsona horiek ekainaren 19an desagertzen dira, holako azpi-gizarte batean sartzen dira eta egunera arte ezin izan ditugu berreskuratu. Bat bakarrik daukagu: Anibal Tejada. Baina hori Madrilgoa zen, nahiko famatua, eta Bilbon bineta batzuk egin zituen. Badakigu Francok “garbitu” zuela, orduan horrela esaten zitzaion denbora bat kartzelan edo diziplina- batailoi batean pasatzeari, eta gero bueltatu zen irudien mundura.
Eta besteak?
Gainontzekoak? Entzuna dugu komunista zen batek 1970ean taberna bat ireki zuela San Mamesen. Badakigu beste bat Etxarri-Aranatzekoa zela, sari bat irabazi zuela, "Chuni" deitzen zioten, baina ez du esaten ez izen ez abizenik. Benetan arazo larriak ditugu eta horretarako laguntza handia behar dugu.
Erakusketan binetagileak identifikatzen laguntzeko deia egin duzue. Erantzunik jaso duzue?
Momentuz gutxi eta gainera jasotako erantzunak oso irekiak izan dira “nik pertsona bat ezagutzen dut, marrazkiak egiten zituena, San Mamesen tabernaria zen eta antza astean behin, igandeetan, karikatura bat egiten zuen, tabernan jarri eta hori”. Pertsona horren atzetik gabiltza. Beste bat dakigu “Frantziako Itzulia” egin ostean Teruelen egon zela, hortik marrazki bat bidali eta Bartzelonan argitaratu zutelako. Ez dakigu gero hil egin zen, Frantziara joan zen, handik ateratzen direnak batzuk Ameriketara, beste batzuk Sobietar Batasunera joan zirelako. Frantzian geratu zirenekin arazoak daude, batzuk Ingalaterrara joan, beste batzuk Ameriketara, jario horretan galdu egiten dira. Batzuek ez dute gogorarazi nahi, baina igual beste batzuek nahiko lukete. Lehen “El Abuelo cebolleta” deitzen zitzaien gudaren gaineko istorioak kontatzen zituztenei eta hauek zer edo zer kontatu eta seme-alabek kasurik ez egin. Pertsona horiengana jo nahi dugu, gazte dira baina igual etxean zer edo zer entzun dute. “Aititak matraka ematen zigun marrazki batzuk egin zituelako eta erakutsi eta kontatzen zuen…”. Badakigu marrazkigile den-denak hil direla, seme-alabak hortxe-hortxe ibiliko dira eta ilobak bizirik daude. Ilobengana jo behar dugu istorio horiek berreskuratzeko eta sare sozialetan ekintza bat egin nahi dugu, “kontatu digute aititek bazuela” lortu eta hortik tiratzea espero dugu.