Simply eta Grupo Norteko langileek kaleratutako langileen subrogazioa eskatu dute

uriola.eus 2017ko abu. 30a, 13:58

Simply eta Grupo Norteko langileek kaleratutako 31 garbiketako langileen subrogazioa eskatu dute gaur Autonomia kaleko egoitzaren aurrean egin duten mobilizazioan. Lan prekarietatea eta interes falta kritikatu dute elkarretaratzean.

Guztiok gara Simplyko langileak! lelopean Simply eta Grupo Norteko langileek kaleratutako garbiketako langileen subrogazioa eskatu dute gaur Autonomia kaleko saltokiaren aurrean egin duten elkarretaratzean.

Lan prekarietatea eta gatazkari irtenbidea emateko enpresaren interes falta kritikatu dute mobilizazioan. Horrekin batera, irailaren 1erako aurreikusita dagoen Grupo Norteko 31 lankideen kaleratzeen aurrean subrogazioa eskatu dute, "gure ustez, Simplyko langileak dira hauek ere". 

Garbiketa lanak orain Simplyko langileek egitera pasatuko litzatekela jakitera eman dute. "Lan-kargak handituko zaizkigu eta lan-baldintzak okertu".

Simply, entzungor

Simply eta Grupo Norteko langileek bidalitako komunikatuaren arabera, abuztuaren 9an, Simplytik kaleratuak izango zirela jakinarazi zieten garbiketaz arduratzen ziren Grupo Norte enpresako 31 langileri. Enpresa-batzordeko ordezkariek langileak subrogatzeko eskatu zioten supermerkatuaren Zuzendaritzari. Eskariari ezezkoa erantzun zion Simplyk, "egun horretan bertan jakinarazi zielako Bizkaiko enpresa-batzordeei garbiketa zerbitzua kendu egingo zuela Estatu osoan". Abuztuaren 18an, urjentziazko bilera eskatu zioten langileek enpresari, eta "oporretan zeudelako" ez zela bilerarik egongo erantzun zietela jakitera eman dute.