Oso egun gutxi falta dira Arriaga Antzokiak denboraldi honetan bultzatuko duen "proiektu garrantzitsuenetako baten erabateko estreinaldirako", antzokiko arduradunen esanetan. Euskaraz eta gaztelaniaz estreinatuko baitute Hiru emakume - Tres mujeres, Mireia Gabilondok zuzenduta, Sylvia Plath idazle eta poeta estatubatuarrak, 1962an, hil baino urtebete lehenago, BBC katean ozen irakurria izateko egin zuen poema feminista askatasunez berreskuratzen duen antzezlana.
Antzezlana oso gutxitan ikusi ahal izan da gaztelaniaz, eta euskaraz eszenaratuko den lehenengo aldia izango da.
Hiru ahotseko antzerki poema zirraragarria
Arriaga Antzokiaren ekoizpen berria, "hiru ahotseko antzerki poema zirraragarria da", Ylenia Baglietto, Ane Pikaza eta Ainhoa Etxebarria antzezleek antzeztua, Ane Lopezek jotzen duen kontrabaxuaren soinuek eta Maria Berasarteren kantu ederrek lagunduta. Antzezlanaren gai nagusia amatasuna da, eta antzezle
bakoitzaren ahotsak amatasun hori bizitzeko modu bat adierazten du. Emakume batek ama izatean zentratzen du bere egitekoa, besteak sufritu egiten du ama ezin izateagatik, eta bestea, hala nahi ez ez duen arren, ama da. Hiru antzezleek, Sylvia Plath egilearen lekukoa jasoz, ahotsa eta antzezpena ematen diete haren hitzei lan berri honetan.
Goi mailako lantaldea
Ekoizpen lan honetan inplikatutako talde osoaren kalitatea "goi mailakoa" dela adieraz dute ordezkariek. Mireia Gabilondo zuzendariak ospe handia du, arte eszenikoen munduan duen ibilbide luzeari esker; Ylenia Baglietto, Ane Pikaza eta Ainhoa Etxebarria, Euskadiko antzezpen munduko errealitate gazteak dira; Maria Berasarte lehen mailako abeslaria da, eta Ane Lopez, datozen urteetan zer esan ugari emango duen kontrabaxu jolea da. Eta hori gutxi balitz, Hiru emakume – Tres mujeres antzezlana sortzeko orduan euskal kulturako figura garrantzitsuek hartu dute parte, eszenografiaz arduratu den Fernando Bernues, musika aholkularia izan den Iñaki Salvador edo antzezlana euskarara egokitu duen Harkaitz Cano, besteak beste.
Hiru emakume lanean azpimarratu beharreko beste alderdi batzuk Xabier Lozanoren argiztapen zaindua eta David Bernuesen ikus-entzunezkoak dira. Aipatzekoa da, baita ere, Ana Turrillasek jantziekin egiten duen lana.
Euskarazko emanaldiaren aurreko hitzaldia
Euskaraz (Hiru emakume, ostegunean, martxoaren 15ean, Loraldia jaialdiko programazioaren barruan) eta gaztelaniaz (Tres mujeres, martxoaren 16tik 18ra) ikusi ahal izango dugu. Emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira, 19:00etan hasiko den igandekoa izan ezik.
Martxoaren 15ean euskaraz eskainiko den emanaldia baino ordu erdi lehenago, 19:30ean, Zenbat Gara Elkarteko Xabier Monasteriok antzezlanarekin erlazionatutako hitzaldi-solasaldia eskainiko du. Arriaga Antzokiko foyerrean izango da, eta 20 minutu inguruko iraupena izango du, ondoren agertokian ikusi ahal izango denaren aperitibo gisa.
Sarrerak
8,50 eta 20 euro artean salgai daude www.teatroarriaga.eus helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.