Topa!

Erlantz Ibargurengoitia 2020ko eka. 11a, 18:09

Triste esnatu zitzaigun ekaina.

Hilabetearen aurreneko ostiralean mezua jaso nuen: “Aintzane bajutxu dago, ospitalean ingresatuta egon da eta etxera bueltatu nahi izan du; ez deitu”. Berba handiegiak brastakoan digeritzeko, eta asteburu luzea aurretik. Astelehenean, eguraldia bezala, gorputza hoztu zitzaigun: “Aintzane joan egin da; gaur goizean, familiakoekin, etxean”.

Aramaioko arrosa, emakume airosa.

Zaila da solemnitaterik gabeko zerbait ontzea, zuk ez zenuen solemnitatea gustuko, beraz, berba handiak ekiditeko ahalegina egin behar.

Kontatu ahal dut Kubako gure bidaia handia, 2008ko uda marabillosoa, zelan banatzen zenituen fotokopiak Kafe Antzokiko asteazken arratsaldeetako Anje Duhalderen kantagintza saioan edota zelan ordenatzen eta artezten zenituen Algarako bazkari kaotikoak: “Horrela ez; utzi niri, eztakizu hori egiten eta!”, eta kasu egin behar!

Antolatzaile estrategikoa, protokolo-ikasketarik gabeko anfitrioirik onena, eta bizizalea; ororen gainetik bizizale amorratua, egunaren ordu-minutuak bete-betean zukutzen dakien horietakoa.

Aramaion sortua, bizitzaren joan-jinak Bilbora ekarri zintuen, lanera. Baserritik, hiriaren basara etorria. Kafe Antzokiaren motorra eta Gabriel Aresti euskaltegian, Bilbon zein Bakaikun, ehunka lagun euskararen mundura goxoki hurbildu zituena.

Musikariaren laguntzarik behar ez zuen kantaria, dantzari fina, festazale bixia.

Euskaltzale amorratua eta bertsozale sutsua. Bat-batekoa, inpultsibitate sanoak mugiarazten zintuen. Elizondon bezala. Ezin ahaztu, iltzatuta daukat eta. 2009ko martxoaren 21a zen, zapatua. Eguraldi ederra, eguzkia goian… ni pozik, Nafarroako bertsolari txapelketaren finalera gindoazen (lau damarekin batera); zorionez, bi autotan heldu ginen (Resu, Ainho, Ainho-ainho, Aintzane eta bostok). Ezin zen bestela izan, bazkaltzeko txoko berezi-estrategikoa hartu genuen eta, barruak ondo beteta, Lur aretora abiatu. Leku aproposa finalaz gozatzeko: kontzertu-gune eta diskoteka zena, final handirako plato bihurtuta. Finala zain genuen eta zortzikotea kanturako prest. Tartean zure kuttuna: Julito.

Ondoan eseri zinen eta, finalaren nondik norako handiak gogoan ez baditut ere, badakit Xabier Silveirak irabazi zuela txapela. Zelan ez, zu epaileek hartutako erabakiaren kontra, beti kontra! “Silveirak? Zergatik Silveirak? Julitok behar txapeldun; bestela, Erikak!”, sekula ez duzu ezer gorde.

Finaleko bertsorik ez dut akorduan, baina bai bertsolaritzaz gozatzeko zure indarra. Berezkoa. Bertsolaria kantuan hasi eta puntua eman aurretik jada zuk puntua botatzen zenuen, zure kasa, baina ez ixil-gordeka ala ondoko lagunek soilik entzuteko moduan; ez. Ozen, beti ozen eta kantuan; bertsoa ere bixiki bizi zenuelako, zinen bezala, natural. Eta ingurukoen begirakuneei kasurik ez, artikulo 3!

Beti indartsu, ekina, langilea, alaia; musturrak gorri-bizi, oso gorri, oso bizi!

Gure Luigi Anselmi lankide-lagunak idatzi eta Ruperrek kantatu bezala:

Lapurra sartu zaigu gaur etxean

guztion ixilean…

Oso trebea bide da lapur zital hori,

ez baitu dirurik, ez harribitxirik

edo holako ondasun hutsalik eraman.

Gure altxor preziatuenera jo du zuzenean

eta artoski gordetzen genuen

adiskide-bilduma tipitik

ale ordezkaezina ostu digu”

Lasai, txikerra, lapurrak ez zaitu osorik eraman, memoria baita lapurtu ezin diguten bakarra.

Beti-betiko gogoan, Aintzane!