Indautxu jaietan maiatzaren 6tik 8ra arte

uriola.eus 2022ko mai. 5a, 10:00

Joaldunekin eta pregoiarekin hasiko dira jaiak eta larunbatean egingo da herri bazkaria. Herri kirolekin eta bertso saioa itixko dituzte jaiak. Old Berri Band, Garilak 26 eta OstiKda! elektrotxarangak jarriko diote musika larunbatari. 

Hiru eguneko egitarauarekin datoz bueltan Indautxuko jaiak. Ostiral honetan hasiko dira joaldunekin eta pregoiarekin batera 18:30etatik aurrera. Nafarroa kanta taldeak girotuko du arratsaldea eta sabela betetzeko txerri errea egongo da. 

Larunbata izango da egun nagusia eta tortilla lehiaketak emango dio hasiera maiatzaren 7ari. Izen ematea goiz goiz izango da Indautxu plazan 09:45ean eta 12:00etan entregatuko dira; 13:15ean sari banaketa izango da. Bitartean 11:00etan txikientzako tailerrak egingo dira Indautxu kalean.

Musika ez da faltako egunean zehar eta ordu batetan Indautxuko abesbatza abiatuko da Campuzanotik eta Dunbotsen eskutik txaranga-poteoa eingo da 13:45etatik aurrera. Inongo jaietan falta ezin den herri bazkaria egingo da 15:15etan Indautxu plazan ere. Atzo jarri ziren salgai tiketak eta 20 minututan amaitu ziren; jai gogoa dutela argi utzi zuten indautxuarrek.

Jaia arratsaldez jarraituko du Old Berri Band taldearen kontzertuarekin, bostetan. Gauera arte luzatuko da musika; Garilak 26 bueltan da eta Indautxun emango dute bere lehen kontzertua 19:30ean. Bitartean 20:00etatik aurrera kantu-poteoa egongo da Garcia Rivera kalean zehar eta eguna amaitzeko OstiKda! elektrotxarangak gauari erritmo bizia emango dio 22:30etatik aurrera. Bitartean arratsaldean txikiek beraientzako ikuskizuna izango dute seietan.

Jaiekin amaitzeko igandeak lau ekintza izango ditu. 12:00etan Bizkai Folklor Elkarteak Indautxu dantzan jarriko du. 12:30ean umeentzako herri kirolak egingo dira Indautxu kalean eta 13:00etan nagusientzako. Ordu berean bertso saioa izango da Indautxu plazan Oihana Bartra, Xabat Galletebeitia, Ane Labaka eta Alaia Martinekin. 

Alde Zaharreko jaiak

Auzoetako jaiak bata bestearen atzetik datoz eta ostiral honetan maiatzaren 27an eta 28an ospatuko diren Alde Zaharreko jaien kartel irabazlea eta jaien aurkezpena egingo da Santiago Plazan. 18:00etan izango da eta txokolatada ere egongo da.