Borrokan Abandoko azken eremu irekiaren alde

Pablo Martínez Canibe 2022ko uzt. 15a, 14:00
Begoña Andra Mari eraikina zegoen tokia orain eraikin gabe (Argazki guztiak: Abando Bizigarri eta Osasuntsua)

Bilboko elizbarrutiak 2017tik darama Begoñako Andra Mariko Magisteritza eskola zegoen lekuan bere eraikina egin nahian. 2021ean lortu zuen BAM eraistea, baina Ekologistak Martxanek Auzitegi Gorenean jarritako errekurtsoak eta Abando Bizigarri eta Osasuntsua plataformak Bilboko epaitegietan eraikitze lizentziaren aurka jarritako auzi-errekurtsoak kolokan jarri dute proiektua. 

Abandoko auzoan, Barrinkua kalean, Cervantes eskolaren ondoan eta 1994tik BAM magisteritza unibertsitate eskola izan den eraikinaren lekuan gaur egun ez dago ezer. Eskolako IGE eta auzokideak Abando Bizigarri eta Osasuntsua plataformaren babesarekin etorkizunean parke bat izatea amesten dute, baina eremua Bilboko elizbarrutiak erosi zuen 1992an, eta haren intentzioak guztiz ezberdinak dira. Lanek bederatzi hilabete daramatzate geldirik. Uda honetan hasi nahi dituzte, baina udal teknikarien arabera, elizbarrutiak “funtsezko aldaketak” egin ditu oinarrizko proiektuarekiko, eta oraindik "ez dio erantzun dokumentazio berria aurkezteko eskaerari”. Arrazoi horrengatik ere, auzo-elkarteak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri du Bilboko epaitegietan, eraikina eraikitzeko lizentzia onartzearen aurka.

Beto horren aurrean, elizbarrutiak esan du indusketekin eta lanekin hilabete gutxi barru hasiko dela. Bitartean, Ekologistak Martxan-ek errekurtso bat jarri zuen auzitegi gorenean elizbarrutiak egindako xehetasun-azterketaren aurka, eta momentuz onartu du, Idoia Arrietak, Abando Bizigarri eta Osasuntsua plataformako kideak, azaldu duen moduan: “Auzitegi gorenak azaldu zuen badaudela oinarri juridikoak kasua ikuskatzeko”. Auzitegi Gorenak partzelaren xehetasun-azterlana baliogabetzeak proiektua eta lanak "legez kanpoko" bihurtuko lituzke. “Hasieratik hasi ahalko lezakete proiektua, baina oso zaila izango litzateke, eta uste dugu proiektua bertan behera geratuko litzatekeela”, azaldu du Arrietak.

2017an, Bilboko Elizbarrutiak magisteritzako Begoñako Andra Mari eskola zegoen lurra beste erabilera batzuetarako erabiltzea erabaki zuen, nahiz eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean hezkuntza-helburuetarako bakarrik erabiltzea aurreikusten zen. Lehenengo ideia haien egoitza lehen pisuan edukiko zuen etxebizitza eraikin bat egitea zen, baina proiektua ez zen aurrera atera. Hasierako oztopo horren ostean, elizbarrutiaren ibilbidea askoz errazagoa izan da. Elizbarrutiko egoitza guztiak leku bakar batean batzea zen helburua.

“Hasieratik hasi ahalko lezakete proiektua, baina oso zaila izango litzateke, eta uste dugu proiektua bertan behera geratuko litzatekeela”

2018ko otsailaren 15ean eskatu zioten Bilboko udaletxeari lurzoruaren birkalifikazioa lortu beharko litzatekeela haien asmoa aurrera ateratzeko, HAPO aldatuz. Aldaketa hau hilabete bakarrean lortu zuten. “Udaletxeari galdetu genion behin baino gehiagotan ea norena zen lurzoru hori, eta norena zen ez zekitela eta aldaketarik egongo ez zela esaten zigun bitartean lurraren birkalifikazioa egiten ari zen”, gaitzetsi du Arrietak. BAMeko eraikinean magisteritza unibertsitatea zegoen arren, espediente bat baliatu zen abandonatutako zentro gisa deklaratzeko. Modu horretan, ez zen geratzen ikastetxerik bertan eraikitzeko, eta ordezko erabilera baterako birkalifikatzeko lehen pausua eman zen.

Xehetasun-azterketaren onartzea

HAPOaren moldaketa onartzeke zegoen bitartean elizbarrutiak ez zuen batere denborarik galdu. 2018ko udan xehetasun-azterketa aurkeztea erabaki zuen; proiektu bat definitzeko prozesua. Nolakoa izango den, zein altuera izango duen eta zenbat pisu izango dituen azaltzen duen dokumentua, hain zuzen ere. Aurretik aipatutako eraikinaren diseinua egin zuen arkitekto berdinari esleitu zioten proiektu berriaren xehetasun-azterketa. Zortzi solairuko eta bost sotoko eraikina izango zen. 

Azkenik, Plangintzako Aholku Batzordearen 2018ko martxoaren 6ko bileran, oniritzia eman zitzaion HAPO aldatzeko proposamenari. Onarpen horren ostean, Udalbatzan onartua izan zen. Nahi zuena lortu zuen arren, elizbarrutiak erabilera osagarriak baimentzea eskatu zuen. Bestalde, Cervantes eskolako IGE-ak aipatu nahi izan zuen auzoan eraikinik gabeko leku bakarra izateko azken aukera galtzen ari zirela, Arrietak azaldu zuen moduan: “Abandon libre geratzen den azken partzela eraikitzea aukera bat galtzea dela uste dugu”. Bi eskaerak ezeztatuak izan ziren. 

Proiektuak ordura arte zeraman abiadura izaten jarraitu zuen, eta abenduaren 19an hasiera batean onartu zen xehetasun azterketa EAJ eta PSOEren eskutik. IGE-k horri buruzko informazioa eskatu zuen Abandoko Barrutiko Kontseiluaren bidez egindako bilera, alegazio eta idazki batzuetan. Koldo Narbaiza Olaskoaga kontseiluko presidentearekin hitz egin zuten, aldi berean Hezkuntza eta Euskara zinegotzia zena; Asier Abaunza hirigintzako zinegotziarekin (Obra eta Hiri Plangintzako Saila) eta Mikel Ocio hiri-plangintzako departamentuko zuzendariarekin egindako bileretan; edo elizbarrutiari berari kontsulta eginez. Hala ere, bere garaian erantzun argirik jaso ez zutela eta horren ondorioz alegazioak ezin izan zituztela egin salatu zuen plataformak. Azkenik, 2019ko otsailaren 28an onartu zen.

Abandoko auzotarrek proposatutako ideia eremu horretarako

“Abandon libre geratzen den azken partzela eraikitzea aukera bat galtzea dela uste dugu”

Elizbarrutiak oraindik handiagoa egin zuen hasiera batean aurkeztutako proiektua, eta hiru hilabete behar izan zituen honen azalpena emateko udalak eskatutako dokumentuen bitartez. Handitze horren barruan, Elizbarrutiak argitu zuen zoruaren ia erdia Mutualiari salduko ziola. Auzokideek ez zekiten informazioa zen, Arrietak azaldu duen moduan: “Guk ez geneukan horren berri. Eraikuntza lizentziaren aurka administrazioarekiko auzi errekurtso bat jarri dugu, birkalifikazioa egiteko hasierako asmoa aldatu baitute. Hasierako motiboa zerbitzuak zentralizatzea zen, eta ez klinika bat egitea”. Eraikin berriaren xehetasun-azterketaren arabera, 13.543m2 izango ditu, eta %44 Mutualiaren klinika pribatuarentzako izango dira. BAM-ek 2.033m2 zituen, eta eraikitako zoruak 4.786m2. “Behar ez dugun eraikin bat egitea ez dugu ulertzen. Klinika pribatua da, ez da auzokideentzako”, azaldu du haserre Abando osasuntsu eta irisgarriko kideak.

Abando Bizigarri eta Osasuntsua plataformaren sorrera

Proiektu hau onartu aurretik, herritarrek beren aldarrikapenak plazaratu dituzte. Cervantes ikastolako IGE-k bere kezka agertu zuen 2018aren hasieratik, eta haien argudioak udalbatzara heldu ziren, baina komunikabideak ez zuten honi buruzko albisterik eman eta ez zioten garrantzia handirik eman. Egoera horretan, auzokideek aurrerapauso bat ematea erabaki zuten, eta Abando Bizigarri eta Osasuntsua plataforma sortu zen 2019ko ekainean. Ordutik, gizarte mugimenduen buru izan da, Arrietak aipatu duen moduan: “Birkalifikazioaren prozesua aurrera joan ahala, eskolako IGE mugitzen hasi zen, eta hainbat auzokide ere bai. Birritan egin genituen bilerak eta elkartea sortzea erabaki genuen. Beti egon gara IGE-ren eskutik lan egiten eta bazkide asko bertakoak dira”.

“Behar ez dugun eraikin bat egitea ez dugu ulertzen. Klinika pribatua da, ez da auzokideentzako”

Elkartearen sorrerarekin, auzokideen kexek indarra hartu zuten apurka-apurka komunikabideetan, eta hauek arazoari buruzko informazioa ateratzen hasi ziren. Mutualiaren eta Elizbarrutiaren arteko akordioa argitara eman zen hurrengo egunean haren salaketa agertu zen egunkarietan. Egun gutxi barru, ekainaren 11n, IGE-k bere lehen manifestazioa egin zuen bertan zeuden palmondoen aurrean. Maiatzetik 2020ko urtarrilera arte, haien borrokari ikusgarritasuna emateko hainbat ekintza egin zituzten batera. 

Salaketa

Borroka horrekin batera, 2019ko uztailean, Ekologistak Martxan-ek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian xehetasun azterketaren aurka, legeak eskatzen duen Ingurumen Ebaluazio Estrategikoaren azterlana falta zela ikusita. Hala ere, 2020an Eusko Jaurlaritzak pandemiaren ondoriozko konfinamendu garaia baliatu zuen dekretu bat onartzeko. Horren bitartez, xehetasun-azterketa ingurumen-ebaluazio estrategikoa egitetik salbuetsita geratuko zen. 

Bestalde, urte bereko urtarrilean udalbatzak HAPO-ren berrikuspenean hainbat eragilek aurkeztutako argudioak sartzea erabaki zuen, eta horren arabera, ekipamendu pribatuen eraikigarritasuna handitzeak ez du zertan hiriari espazio libreak laga. Hauek ziren, hain zuzen ere, Ekologistak Martxanen argudio indartsuenak, eta EAEAN jarritako errekurtsoa ez zen onartua izan. “Gure ustez, ez du inolako justifikaziorik ingurumen-ebaluazio estrategikorik eza bermatzeak, Konstituzio Auzitegiak Kanariar Uharteetako lege oso zehatz baten konstituzionaltasunari buruz emandako epaian oinarrituta baitago”, adierazi zuen Ekologistak Martxanek sententziaren berri izatean. Hala ere, ez zuten amore eman, eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri zuen auzitegi gorenean.

Eraisketa lizentziaren onarpenaren aurka egindako manifestazioa

Prozesu judizial luze horren bitartean, 2020ko udaren ostean, eraikina botatzeko prozesua hasi zen, eta proiektuaren kontra borrokan zeuden eragileek hura gelditzen saiatu ziren. “Haien xedea eraikina egitea eta dirua ateratzea da. Auzokideentzat edo eskolarentzat ona edo txarra bada ez zaie axola”, azaldu du atsekabetuta Idoia Arrietak. Azkenik, 2021eko martxoaren 29an onartu zen eraikina udan eraistea. Udaletxearen esanetan, ikasleek oporrak dituzten bitartean egiteko eta horrela ahalik eta arazo gutxien sortzeko hartu zen erabakia.

Ekainean hasi ziren lan horiek, baina arazoak ez ziren gelditu, garai hartan Abandoko auzotarrek salatu zuten moduan. Ekainaren erdialdean udalak lanak gelditu zituen Murias eraikitzaileak jarritako garabi batek ez zeukalako baimenik. Aurretik ere, lanen hasieratik, hainbat ez-betetze salatu zituzten. Fase horiek noiz gertatuko ziren nahiz iraupenaz eta zereginik zaratatsuenak egingo ziren ordutegi zehatzaz ez informatzea; laginketak egin izana abisatu barik; obra-hondakinak leihotik botatzea; ikasgelak aireztatu ahal izateko lanak ez gelditzea… “Lanak egiten ziren bitartean salaketak jartzen genituen eta egunero grabatzen genuen. Denbora osoan ibili ginen atzetik eta seguruenik ez daude ohituta. Baina ez zen arazo handirik egon, molestatzen dugu, baina besterik gabe”, salatu du Abando osasuntsu eta irisgarriko kideak. Udal gobernuak lanak amaitu zutenean aipatu zuen ez zela inolako arazorik egon, eta egon baziren, kontua da ez zirela nabarmenak izan. 

Epaiaren zain

Elizbarrutiaren proiektuaren lehen pausua emanda zegoen. Horren aurrean, eta ikusita BAM-eko eraikin gabe gelditu zirela, estrategia berri bati ekin zioten auzotarrek. “Zentzumenen lorategia” ideia-lehiaketa aurrera eraman zuten. Honen bidez, jendearen esku utzi zuen elizbarrutiak eraikina egin nahi zuen lekuan alternatibak proposatzeko.  Ekainaren 14an kontzentrazioa egin zuten haien salaketak ikusarazteko eta bertan parke bat egitea eskatzeko. Espazio ireki baten garrantziari buruz hitz egin du Arrietak: “Eskola auzora irekitzeko eta auzoa eskolara irekitzeko, hartu-eman bat gertatzeko, parke bat oso egokia litzateke. Nire ustez, onura soziala argi geratzen da eta daukagun klimarekin, leku berdeak izatea, gerizpearekin, oso garrantzitsua litzateke”.

Ekainean egindako manifestazioaren irudia

“Borrokatzen jarraitu behar dugu eta erakutsi guztiei ez dugula etsiko"

Momentu honetan lanak geldirik daude, baina Elizbarrutiak horiekin abuztuan hastea espero du. Bitartean, Ekologistak Martxanek auzitegi gorenean jarritako kasazio-errekurtsoa onartua izan da eta kolokan jarri dute Bilboko Elizbarrutiaren, Muriasen eta Mutualiaren higiezin-operazioa. Horrez gain Abandoko auzo mugimenduak ere bere salaketa jarri du, hasieran aipatu bezala. Auzotarrek orain inoiz baino irekiago dute haien helburua lortzeko aukera: “Zerbait eraikitzen bada eta ilegala dela esaten badute, ez dakigu zer gertatuko den. Zerbait irabaziko genuke”. Auzitegi gorenaren erantzunaren zain dabiltza alde guztiak, eta 2018an hasi zen auziak bizirik darrai. “Borrokatzen jarraitu behar dugu, eta erakutsi guztiei ez dugula etsiko. Auzitegi gorenak errekurtsoa onartu izana oso mezu potentea da”, indartu du Arrietak.