Novaltiako eta Vulcanizados Zuloagako langileek Lan Ikuskaritzaren enpreseekiko konplizitatea salatu dute

uriola.eus 2023ko ots. 9a, 18:05
Argazkia: Ecuador Etxea

Bi enpresetako langileek Lan Ikuskaritzak Bilbon duen egoitzan elkarretaratzea antolatu zuten atzo.

Novaltia Bizkaiko 200 farmaziari banaketa zerbitzua eskaintzen dien kooperatiba da. Vulcanizados Zuloaga, aldiz, kautxu metalezko produktu teknikoak egiten dituen enpresa bat. Bi kasuetan, langileek denbora luze daramate greban; kooperatibaren kasuan, 3 urte eta erdiko grebari eusten diote langileek eta Zaratamoko enpresakoek, berriz, urte eta erdikoa. 

ELA sindikatuak jakitera eman duenez, grebalariek euren greba eskubidea urratua izan arren Lan Ikuskaritzak erakutsi duen erantzun falta salatu nahi izan zuten atzoko mobilizazioaren bitartez. Zentzu honetan, epaitegiek langilei zenbaitetan arrazoia eman diela gogorarazi du.

Honen harira, sindikatuak Lan Ikuskaritzaren jarduera “negargarria” bezala deskribatu du. Salatu duenez, Novaltiaren kasuan, “epaitegiek Ikuskaritzaren ebazpenen ondoren zuzendu dute epaiekin azken horren praxi txarra”. Vulcanizados Zuloagaren kasua ere jarduera oker horren adibide bezala aipatu dute: “Langile Batzordeak premiazko salaketa aurkeztu zuen 2022ko ekainaren 28an. Bada, ikuskatzailea oraindik ez da joan enpresara salatutako gertakariak ikuskatzera – batzordeak ez du horren berri –, eta 7 hilabete geroago ere ez du txostenik egin”.

Ildo horretan, ELAren iritziz, aipatutako bi kasuek Bizkaiko Lan Ikuskaritzaren enpreseekiko konplizitatea eta greban dauden langileei bizkarra ematen diela erakusten dute.