Enpresa handien irabazi neurrigabeak eta herritarren pobretzea salatzeko mobilizazioa Bilbon

uriola.eus 2023ko mar. 1a, 13:41
Argazkia: Sortu

Sortuk ekintza aktibista bat antolatu zuen atzo Santander bankuak Bilbon duen egoitzaren aurrean, aberastaunaren banaketan norabide aldaketa erradikala aldarrikatzeko.

Mobilizazioaren antolatzaileek adierazi zutenez, “bankuek eta energia enpresa handiek inoizko irabazi handienak izan dituzte 2022an, jendartearen bizi baldintzak neurrigabe okerrera doazen bitartean”.

Herritarren bizi baldintzek azkenaldian bizi dituzten erasoen artean, hurrengoak aipatu zituzten: osasun publikoaren eraispena; pentsioen eta lan baldintzen prekarizatzea; oinarrizko produktuen garestitzea eta etxebizitzaren (hipotekaren zein alokairuaren) garestitzea.

Hain zuzen ere, aipatutako arlo horiek eta, orokorrean, herritarren bizi baldintzak aldatzeko, hartu beharreko neurri batzuk aipatu zituzten: erreforma fiskal sakona; merkatuan esku hartzea, oinarrizko eskubideak bermatzeko; soldatak eta pentsioak igotzea eta zerbitzu publikoetan inbertitzea.

Azkenik, neurri horiek suposatzen duten erronkari erreferentzia eginez, bestelako borondate eta norabide politiko baten beharra azpimarratu zuen Sortuk. Hain zuzen ere, hori lortzeko ezinbestekotzat jo zuten “lidergo politiko berri bat, herri honen etorkizuna eta burujabetzaranzko bidea gidatuko duena”.