Beste greba deikura bat Bizkaiko ostalarientzat; kontzentrazioa izango da bihar goizean urriak 4, 11 eta 12ko grebara dei egiteko.

uriola.eus 2023ko ira. 25a, 10:29

Argazkia: Naiz

ELA, LAB, CCOO, UGT eta FeSMC sindikatuek langileen egoera hobetzeko negoziazioak blokeatuta daudela eta Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak azken grebatik aldaketarik egin ez duela salatu dute.

Elkarteak otsailean egin zein azken negoziazio bileratik beste bilkurarik egon ez dela azaldu dute sindikatuek, Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak “jarrera guztiz arduragabea” duela eta sektoreko langileak “kale itsu baterantz gidatzen” ari dela azaldu dute, eta honi amaiera emateko modu bakarra mobilizazioei bat egitea dela. Ostalarien eskaera nagusia soldaten igoera da, 2020tik berdin jarraitzen baitu, KPIa %12.9 igo den bitartean. Gainera pandemia egoeratik hona ABEE-ek (aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteek) gora egin dute, sektorearen prekarizazioa areagotuz; “lan egutegi gabe jardun izan da hilabetetan eta enpresak egoeraz baliatu dira malgutasuna areagotzeko” plazaratu dute sindikatuek.

Deikura egin duten sindikatuek gainera patronalak negoziazioetan parte hartzeari muzin egin diola aipatu dute, nahiz eta hitzarmenek haien egoeran positiboki eragin, baina ostalariek haien egoera erregulatuko duen hitzarmen propio bat eskatzen dute. Kontratu prekarioak eta lanaldi partzialak dituzten emakumeek osatzen dute sektore honen gehiengoa, eta Gipuzkoako hitzarmenekin alderatuz, 42 ordu gehiagoko lanaldia dute.

Greba deialdia urriak 4, 11 eta 12rako dago eginda, eta bihar 11:00etan kontzentrazioa egingo da Bizkaiko Osteleritza Elkartearen egoitzan (Gran Via 38).