“Euskaldunok erasoaldi izugarria ari gara jasaten” azken asteotan maiz entzundako hitzak izan dira Gazte Euskaltzaleen Sarearen agerraldiari hasiera eman diotenak. Euskararen aurkako jazarpen judizialak alarma egoera piztu du euskalgintzan zein euskeraz bizi nahi duten herritarren artean ere: erakunde publikoetan, herriko udalean, administrazioan euskeraren erabilera geroz eta mugatuago, hezkuntza legearen aldaketa proposamena heziketa euskaldun bat kolokan… kezkatzeko arrazoiak ez dira gutxi.
Atzerapausu judizialekin batera, emanaldian azaldu denez, euskera “jazarpen politikoa, soziala eta ideologikoa” jasaten ari dela salatu du Gazte Euskaltzaleen Sareak: “komunikabide batzuek geroz eta lotsa eta disimulu txikiagorekin” plazaratzen dituzte diskurtso ezezkor eta mingarriak, estatu mailan euskeraren aurkako iritziak zabalarazi nahaian.
Azaroak 4an egin du deialdia Euskalgintzaren Kontseiluak euskeraren aurkako “oldarraldiari” aurre egiteko, eta gazteei ere bat egiteko deia egin diete gaur “gure arima eta hizkuntza hiltzen uzteko bezain odol galduak ez gara”, Euskal Herrian euskeraz mintzatu eta bizitzeko eskubidearen alde.