Osasun Publikoaren Aldeko Plataformen (OPA Herri Plataformak) koordinatzaileak Osasun Saila “okupatu” du, azaroaren 11an EAEko hiriburuetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiteko.
Eusko Jaurlaritzak hedabideen bidez egindako kanpaina salatu dute “nazkatuta dauden herritarrak nahasteko eta engainatzeko” propaganda-plana izan dela salatuz “hitzekin jolasten eta bihurrituz. Honen aurrean, koordinakundeak herritarrek benetako egoera bizi dutela azaldu du,“enpresa eta interes pribatuen aldeko jokaerek pixkanaka Osakidetza desegiten dutela ikusten dugu”.
Herritarrek ordaintzen duten prezioa
Antolatzaileek herritarrak “tentelak ez direla” helarazi dute manifestuan, “jasaten ari diren manipulazioaz ohartzen ari direla, are gehiago murrizketen eta probatizazioaren ondorioak haien haragitan bizi dituztenean”. EAGen itxierak, osasun zentroetako arreta-ordutegien murrizketak, arreta presentziala lortzeko zailtasunak, lehen mailako arretaren kolapsoa eta beste hainbat egoera pairatzen dute herritarrek, hedabideek “propaganda” zabaltzen duten bitartean.
Manifestaziora deia
Manifestaziora dei egin du OPA Herri Plataformaren Koordinakundeak hilak 11n, osasun-eredu guztiz publikoa aldarrikatzeko, diru publikoa osasun pribatura desbideratzeari uzteko, orain arte egin diren murrizketa guztiak lehengoratzeko eta kalitatezko osasun-arreta duina eta unibertsala jasotzeko eskubidea errealitate izan dadin.