Gaur, goizeko 11:30etan, Berri Otxoak plataformak, gizarte-bazterketaren aurkako eta eskubide sozialen aldeko eragileak, Etxebidek etxebizitzen edo logolen alokairuetarako laguntzak lortzeko eskakizunak areagotu dituela aldarrikatu du.
Eragileko kideek adierazi dutenez, “Eusko Jaurlaritzak hiru urtez Etxebide-Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuan izena emanda egotea eskatuko du Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoa jasotzeko. Orain ez da inolako antzinatasunik behar apirilaren 2an desagertuko diren bi prestazioak eskuratzeko”. Horretaz gain, egungo Etxebizitza Legea garatuko duen Dekretuak Lanbideren Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarria eta gizarte-zerbitzuen Larrialdietarako Laguntzak desagertzea aurreikusten duela gogorarazi dute. Era horretan, alokairurako laguntza bakarra ezarriko du: Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoa.
Eragileak Etxebideren zerbitzuan hiru urtez izena emanda egon behar izatearen eskakizunak izango dituen ondorioetan jarri nahi izan du fokoa; hain zuzen ere, laguntza hori eskatzen duten familiak inongo laguntzarik gabe geratzea eta eskatzaile berriek hiru urte itxaron behar izatea.
Azkenik, boterean dauden alderdi politikoek etxebizitzaren auziari buruz garatutako jarrera kritikatu dute. Zehazki, egun existitzen den etxebizitza.parke publikoa nahikoa ez dela eta alokairu pribatuak arautzeko falta existitzen dela aldarrikatu nahi izan dute.