Dozenaka kilo ikatz bota dute Eusko Legebiltzarraren aurrean, ostiralean onartuko diren aurrekontuetako murrizketa sozialak salatzeko

uriola.eus 2023ko abe. 20a, 13:22

Berri Otxoak plataformak eta Kakitzat Koordinakunde Antimilitaristak agerraldia egin dute Eusko Jaurlaritzaren aurrean, onartzea aurreikusita dauden aurrekontuetako gastu militarra eta gastu sozialen beherakada salatzeko asmoz.

Olentzeroz eta Mari Domingiz mozorrotuta, Berri Otxoak plataformako eta Kakitzat Koordinakunde Antimilitaristako kideek ikatza banatu dute Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren aurrean. Salatu dutenez, ostiralean, abenduaren 22an, Eusko Legebiltzarrean onartuko diren aurrekontuetan abiadura handiko trenaren (AHT) obretarako partidek eta gastu militarrak presentzia nabarmena dute, “alokairurako laguntzak murrizten diren bitartean”.

Eskaini dituzten datuen arabera, Eusko Jaurlaritzak 100 milioi euroko dirulaguntza emango die euskal arma-enpresei, eta 61 milioi euro bideratuko ditu Abiadura Handiko Trenaren (AHT) obretara. Etxebizitzaren auziari dagokionez, “Egungo Euskal Etxebizitza Legea garatzen duen Dekretuak Lanbidek izapidetutako Etxebizitzarako Prestazio Osagarria eta udaleko gizarte-zerbitzuek kudeatutako Larrialdietarako Laguntzak desagertzea aurreikusten” duela kritikatu dute eragileek. Horretaz gain, Eusko Jaurlaritzak Lanbidek edo Udaleko Gizarte Zerbitzuek ezarrita zituzten baldintzak gogortzea erabaki duela salatu dute: “Hiru urteko izen-ematea beharko da Etxebide-Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuan, eta orain arte ez zen inolako antzinatasunik eskatzen