Renfe aldiriko langileek segurtasun falta salatu dute bezeroen-arretaren “moden” ondorioz

uriola.eus 2024ko urt. 11a, 15:28
Argazkia: Wikipedia

Errege egunean Abandoko geltokiko langile batek pairatu zuen erasoaren harira, bezeroen arreta zerbitzuan izan diren aldaketen eraginak salatu ditu Renferen Bizkaiko enpresa-batzordeak.

Hilak 6an Abandoko tren geltokiko lanile bat erasotua izan zen, bidaiari saldo baten aurrean, lankide bati bidaia errepikakor bonuen salmentan laguntzen ari zela. Azken urtean gertatu den halako hirugarren erasoa izan da hau.

Enpresa-batzordeak langileen ongizatea kolokan jartzen duten hainbat neurriri leporatzen die eraso hauen errua. Renfeko plantilla murritzak dakarren erabiltzaileen frustrazioak alde batetik, eta zuzendaritzaren aldetik langileek leihatilatik kanpo aritzeko eskaerak bestetik, erabiltzaileen erasoekiko babes gabe utzi ditu Renfeko langileak.

Babesik gabe

Leihatiletatik kanpo lanean aritzeko erabakia zerbitzua erabiltzaileengana “urbiltzeko” asmoarekin egin bada ere, langileek egoera zaurgarrian ikusten dute haien burua. Orain haien babeserako abian dauden sistemak; alarma isila eta segurtasun-kamerak nahikoa ez direla azaldu du enpresa-batzordeak: “langileek daramatzaten alarmek ez dute funtzionatzen geltokiko toki batzuetan eta erantzun berantiarra izaten du… (eta) zaintza sistemak ez du geltokiko azalera handi bat fokatzen”. Segurtasun galerez gain, langileek ke eta zarata gehiago pairatu behar dutela dio batzordeak, eta egoera honen konponbidea “langileak leihatilara, haien jatorrizko tokira” itzultzea dela dio.

Konponbidearen zain

Renfeko enpresa-batzordeak erasoa salatu eta langileen egoerari konponbide bat eman diezaion eskatzen dio enpresari, arreta-zerbitzuko “modak” alde batera utzi eta jatorrizko sistamara itzuliaz.