Zabalguneko aparkalekua handitu eta parkea berriztatzeko lanak hastear daude

uriola.eus 2024ko urt. 17a, 13:42

Obraren aurretiko lanak urtarrilean bertan hasiko dira, eta instalazio berriak 2026ko udazkenean zabaltzea aurreikusten dute.

Zabalguneko parkea berriztu eta aparkaleku gehiago egiteko lanek badute iada hasiera data; urtarrilean bertan hasiko ditu Udalak obraren aurretiko lanak, dirauen bitartean inguruko etxebizitzen eta eraikinek kalterik jaso ez dezaten. Apirilean hasiko dira kaleak seinalatzeko lanak, egungo parkearen perimetroa itxi eta eraisketari ekingo diote.

Lan hauen helburua aparkalekuaren egungo hiru solairuei beste bi gehitzea da, baita parkea berritzea ere. Nora Abete alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotzak esan duenez, “guztiz berritutako aparkaleku bat izango dugu uriaren erdigunean, instalazio modernoekin, bai eta zuhaitzez eta aisialdirako gunez hornitutako herritarrek disfrutatzeko moduko plaza bat ere”.

Bi urte eta erdi iraungo dituzten lanek 198 aparkaleku berri sortuko ditu, 549 plaza guztira, ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuekin, mugikortasun urriko 17 plaza eta motorrentzat 8 plazarekin. Plaza berria direinatzeko garaian ingurumen-aldagai ugari kontuan hartu dituztela azaldu du Udalak, baita espazioaren funtzionalitateari buruzkoak ere; hala nola bero-uharte efektuan edo isurtze-uren bolumena murrizteko estrategiak, edota aisialdi-eremu zabalak eta zuhaitz ugariko espazioak sortzea, besteak beste.

Herritarren harrera

Proiektuaren aurkezpenak, hala ere, zenbait herritarren eta talde ekologisten erantzunak izan ditu. Stop Tala Deustoko sare sozialetan egun parkean dauden zuhaitzen etorkizunari buruzko kezka azaldu dute, baita Udalak “espazio berde” izenpean aurkezten dituen proiektuetan zuhaitz gazte eta meharrak landatzea salatu ere, aurretiaz jada landatuta zeuden zuhaitz helduak moztu ostean.

EH Bilduko Karlos Renedo zinegotziak ere kritika egin dio proiektuari, alde batetik, proiektua "inguruko bizilagunen kontrasterik gabe" egin delako, auzotarren beharrak eta nahiak kontuan hartu gabe, "proiektuak ez du aurreikusten, adibidez,  haurrentzako jolasgunerik, ezta komunik ere, inguruko bizilagunek eskatzen duten bezela". Bestalde, aparkalekua bi pisutan zabaltzea Emisio Txikiko ordenantzarekin "guztiz kontraesankorra" dela azaldu du zinegotziak, emisioak mugatuta dituen espazio barruan egonda, bertara auto gehiago sartzeko arrazoia izango baita.