Mantero eta polizien arteko atzoko gatazken harira

uriola.eus 2024ko api. 5a, 15:07
Argazkia: Pasa den ekainak 18an bi manterok jaso zuten jazarpena salatzeko mobilizazioa (Ecuador Etxea)

LAB sindikatuak “Mantero izatea ez da delitua” izenburupean atzo Kale Nagusian izandako gertarei buruzko gogoeta plazaratu du.

Ikusgarritasun handia izan du atzo arratsaldean Bilboko Kale Nagusia eta Plaza biribilaren inguruetan kale-saltzaileen eta poliziaren arteko gatazkak. Saltzaileak haien jardunean zebiltzala, poliziek salgai zeukaten materiala konfiskatu zieten eta inguruko trafikoa kolapsatu zuen tentsio momentu bat sortu zen jarraian. 50 kideko operazioa izan zen, udaltzain eta Ertzaintza artean, kaputxadunak batzuk, zeinek kale-saltzaileen segika ekin zuten sakabanatu ziren arte.

LAB sindikatuaren hitzetan, “top-manta milaka pertsona migratu eta arrazializatuen biziraupen-estrategia bat da”, espainiar estatuak pertsona hauei ukatzen dizkien lan-baldintza duinak behartuak direla ezkutuko ekonomiatik bizitzera, hain zuzen. Atzoko gertaera kasu isolatua izan ez zela, eta “etnia- eta arraza profilean oinarritutako erregistroak” eta norbanako horiek estigmatizatu eta kriminalizatzen dituzten operatiboak geroz eta maizagoak direla. Ekintza hauek arduradun politikoek “legitimatu eta babesten” dituztela salatu du sindikatuak.

LABk halako gertaerak neurrigabeak direla plazaratu du, eta arrazismo poliziala eta indarkeria instituzionala salatu ditu, “ez baitiote inolako ekarpenik egiten pertsona guztientzako eskubideen eta harreraren jendarteari”. Honi gehitzeko, mantero izatea delitua ez dela aldarrikatu du erakundeak, eta, pertsona hauek langileak diren horretan, administrazioak eta tokiko erakundeek “jazarri eta bortxatu beharrean, merezi dituzten eskubideak eta aukerak bermatu” beharko zituzketela.