Moyua plazako iturriko urak gorri, Palestinarekin elkartasunean

uriola.eus 2024ko api. 15a, 15:26

Argazkia: Euskal Herriko Kontseilu Sozialista

Kontseilu Sozialistak Euskal Herriko hainbat iturrietako urak gorriz koloreztatu dituzte herri palestinarraren aurkako genozidioa salatzeko.

Euskal Herriko hainbat iturri entzutetsuren urak gorriz tindatuta agertu dira gaur goizean, Kontseilu Sozialistak egin duen ekintzaren eraginez. Israelko estatuaren Palestinaren zapalkuntza eta genozidioa salatzea izan du helburu plataformak, azken sei hilabeteetan inpunitate osoz izan diren eraso eta suntsiketa masiboa plazaratzeko.

EHKS plataformak inpunitate hori mendebaldeko gobernuen eta erakunde politiko profesionalen erantzukizuna dela helarazi du, “Estatu sionista zuzenean babesten dute batzuek. Beste batzuek, bakearen aldeko promesa faltsuak egiten badituzte ere, ez dute genozidioa eteteko inolako neurririk indarrean jartzen. Azken honen eredu da espainiar gobernua”. Palestinarekiko itxurazko elkartasuna badu ere, espainiar estatuak Israeli armak saltzea eta harreman diplomatiko eta komertzialak ez etetea salatu du EHKSk, hala genozidioa betikotzen. Egoera hau salatzeko jarri du martxan gaur goizean EHKSk ekintza.

Kontseilu Sozialistaren ustetan, herri palestinarraren genozidioa ez da kasu bakar eta urruneko bat, mendebaldeko herrialdeen politiken eragin zuzena baizik. Palestinan gertatzen ari denaz gain, egungo eskalada militarra salatu dute. NATO barneko herrialdeak eskala handiko gerra baterantz pausoak ematen ari dira, gastu militarra handitzen, zerbitzu militarra indarrean jartzen eta gerraren aldeko propaganda areagotzen; “alderdi guztiek onartzen duten egoera bat, naiz eta hauteskunde kanpainetan beste gai batzuetaz hitz egiten ahalegintzen diren, haien erantzukizuna estaltzeko”.

Herri palestinarraren genozidioa eta mendebaldeko herrialdeen militarizazioa “txanpon beraren bi aldeak” direla plazaratu du EHKSk, eta, egoera honen aurrean, Kontseilu Sozialistak prozesu hori bermatzen duten  gobernu eta alderdi politikoen aurkako borroka proposatzen du, langilediaren indarra gerrarantz bultzatzen duten mandatarien aurka jartzea.