Bilboko ikastetxeetako 600 bertsolaritza ikasle bildu ditu Campos Antzokiak

uriola.eus 2024ko eka. 5a, 12:41

Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Elkartea

Bilboko ikasturte amaierako bertso topaketa ospatu da gaur goizean Campos antzokian.

Gaur goizean ospatu da Bilboko ikasturte amaierako Bertso Topaketa. Urte biko zikloetan hartzen dute parte ikastetxeek ekimen honetan, aurten Luis Briñas- Santutxu HLHI , Gabriel Aresti HLHI , Cervantes Eskola Publikoa , Kirikiño Ikastola, Zurbaran HLHI, Deustu HLHI, Artxandape Ikastola, Txurdinaga HLHI, Intxixu Ikastola, J.R Sanchez Marcos HLHI eta Abusu Ikastolaren txanda izan da; 600 ikasle bildu ditu Campos antzokiak.

Bertsozale Elkarteko Jone Larrinaga eta Josu Telleria bertsolaritza irakasleek gidatu dute emanaldia, Euskal Herrian zhar egindako “bertso tourrarekin” hasita, non Bilboko ikasleekinbatera, Gipuzkoa, Lapurdi, Zuberoa, Nafarroa eta Arabako bertsolaritza ikasleek ere parte hartu duten. Bat-bateko bertsoak ere ezinbesteko tokia izan du ekitaldian, gaurkoan Oihana Bartra, Haizea Telleria eta Nerea Ibarzabalen eskutik. Eskolatik kanpo ere bertsotan egiten duten gaztetxoen taldeek ere egin dute agerraldia, eta Kirikiño ikastolako, Deustuko, Solokoetxeko eta Kafe Antzokiko bat-bateko talde edo BBT-etako bertsolari gazteak igo dira taula gainera, Mundu bat bertso ekimenaren barnea. Bertsoak ez soilik, musikak ere izan du bere txokoa bertso topaketan; Mikelot musikariak kalian gora eta bera jarri ditu ikuslegoko 600 gazteak eta Mundu bat bertso proiektuaren abestia ere kantatu dute.

Saioari amaiera emateko, ikastetxeek ikasturteko lanaren erakusgarri den diploma jaso dute, Eider Inunciaga eta Jose Mari Arrieta zinegotzien, David Rosales euskara teknikariaren eta Bizkaiko Bertsozale Elkarteko zuzendaritzako kide Idoia Anzorandia eta koordinatzaile den Ione Narbaizaren eskutik.