Milaka lagunek egin zuten bat larunbatean, Europako parlamentua hautatzeko hauteskundeen bezperan, Yala eta Gernika-Palestina plataformek Iruñea eta Bilbon antolatutako manifestazioekin. “Genozidioa stop! Europa ez izan konplize” lelopean ekin zioten mobilizazioari, Bilboko kaleetan zehar “Israel hiltzaile, Europa laguntzaile”, “Hildako haur bakoitza gure haurra da”, “Boikot Israel, Palestina askatu” eta “Gora palestiar herriaren borroka” aldarrikapenak ohiuka.
Guggenheim pareko zubi inguruan amaitu zen Bilbon manifestazioa, antolatzaileek gidatu zuten performance batekin; manifestariak Louise Bourgeoisen “Ama” eskulturapetik, zubiaren amaierara arteko lurrean etzan ziren begiak itxita, gorpuak balira bezala. Yala eta Gernika-Palestina plataformetako kideek Israelek eraildako 40.000 pertsonak eta 70.000 zaurituak ekarri zituzten gogora, baita larunbatean, manifestazioaren egunean bertan Gazaren aurkako erasoan gertatutako 200 hildako eta 400 zaurituak ere, “Estatuen eta erakundeen konplizitatearekin herri oso baten suntsiketa ikusten ari gara”, azaldu zuten antolatzaileek.
Europa ikusmiran
Euskaraz, gazteleraz eta arabieraz irakurri zuten Jon Maia bertsolariak idatzitako testua, zeineten Europar Batasunari Israelgo estatu sionistarekin “ez aktiboki ez pasiboki” kolaboratzeko eskatzen zitzaion, “Europako Batasunari exijitzen diogu bere esku dagoen guztia egiteko basakeria hau amaitzeko. Nahikoa da!”. Maiaren testuaz gain, Azahra Hag palestinarrak hartu zuen hitza Bilbon, estatu sionistaren erasoek eragindako kalteak azpimarratuta “Sarraskia amaituta ere, ezin dizkigute haurrak, aitona-amonak eta gurasoak itzuli. Sunitsutako gauza materialak berreskuratu daitezke, baina galdutako bizitzak ez”.