Fremap mutualitatearen Bilboko egoitza aurrean elkartu dira 50 pertsona inguru gaur, Mohammed Htit marokoar jatorriko 33 urteko langileari elkartasuna adierazteko. Getxoko lan batzuetan istripu larria izan zuen, Construcciones Loizagaren azpikontrata gisa 2022an, eta ordutik egundaino jaso duen tratua “negargarria eta diskriminatzailea” izan dela salatu du ELA sindikatuak. Nahiz eta ospitalean urtebete igaro, istripua arintzat jo zen, eta 365 baja egun bete baino zenbait egun lehenago alta eman zion mutualitateak, ospitaleak alta ematean, gainera, Ertzaintzari dei egin zion Hatiti mutualitatetik irtetera laguntzeko.
Bi urte daramatza kaltetuak gurpildun aulkian, nerbio sisteman jaso zituen kalteen eraginez, hala ere, Fremapek ez du haren patologia tratatu nahi. Sindikatuak Htiti birritan sufriaraztea aurpegiratzen dio mutuari, “alde batetik 33 urterekin gurpil aulki batean dagoelako lan istripu baten ondorioz eta, bestetik, Fremapen diskriminazioa eta arrazismo instituzionalagatik. Langilearen jatorria bestelakoa balitz, ziur aski ez zen hori guztia gertatuko”.
ELAk kasua auzitegietan aurrera eramaten ari dela azaldu du, bidelagun Fundazioaren bitartez; Mohammed Htitentzat arreta espezializatua eskatu dio Prestazio Berezien Batzordeari, errehabilitazio zerbitzua, laguntza psikologikoa, etxez etxeko laguntza eta bere egoera fisiko berrira egokituko den bizileku berri bat alokatzeko laguntza barne.