Kiroldegiko langileen grebak uztailean ere jarraituko du

uriola.eus 2024ko eka. 26a, 16:32

Argazkia: ELA sindikatua

Bermeon eta Elorrion egin duten bezala, Bilboko kiroldegietako langileek greban jarraituko dute LAB, CCOO eta UGT sindikatuek sinatutako hitzarmenaren baldintzak hobetzeko.

Bilboko kiroldegietako Emtesport (monitoreak, sorosleak) eta Ute Giroa Ansareo (mantentze-lanetako langileak) enpresetako azpikontratatutako langileek 17 hilabete baino gehiago daramatzate lan-baldintza duinak lortzeko mobilizatzen. Gaurko elkarretaratzean Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean jarri dute igerilekua, negoziazioek aurrerapenik izan ezean, uztailean ere zerbitzurik eskainiko ez dutela aldarrikatzeko.

ELA sindikatuek sektoreko hitzarmenak langileen erosalmena eta beste hainbat alor hobetuko ez dituela salatu du. Bestalde, langileek zenbait puntu aldarrikatzen dituzte hitzarmen berri bat eman dadin: KPItik gorako soldata-igoerak, langile gehienak lanaldi partzialak egiten dituztelako, hilean 1000 eurora iritsi gabe; urtean 1592 orduko lanaldia bi urtetan, eskolak prestatzeagatik eta jaiegunetako plusa eta medikuarengana joateko ordu libreak hartzeko eskubidea.