LAB sindikatuak Euskotrenen lan egonkortze prozesuan UGTk euskarazko hizkuntza eskakizunen aurka aurkeztutako salaketa deitoratu du gaur, “gure hizkuntzaren etorkizuna jokoan dagoen testuinguru berezi honetan, sistematikoak izaten ari dira euskarak eta euskal hiztunok gure herrian bizi dugun subordinazio egoera bere horretan jarraitzeko jasaten ari garen erasoak”.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Donostiako udaltzain izateko euskaraz B2a eduki beharrik ez dagoela berretsi duen egun berean gertatu da LAB talde sindikalaren salaketa, euskararen aurkako oldarraldi administratiboaren barne kokatuz bi jazoerak, sindikatuak haren salaketan aipatu duena; “euskararen aurkako oldarraldiaren baitan kokatzen dugun eraso berri honek, denboran hainbat hamarkada atzera egin eta euskararen normalizazio prozesuan azkenengo urtetan Euskotrenen egindako lan guztia baliogabetzea du helburu”. Hizkuntza eskakizunak euskararen ezagutza eta erabilera orokor baten faltan euskararen ezagutza nolabait bermatzeko neurri gisa aldarrikatu dute, eta, hizkuntza-eskakizun hau baliogabetzeak, “ondorio larriak” izango lituzkeela Euskotrenen euskaraz lan egin nahi duten langileen eta euskaraz artatuak izan nahi duten erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak bermatzeko garaian.
UGTren salaketari erantzunez, LABek “sindikatu espainolista” izatea egotzi dio erakundeari, “euskararen normalizazio prozesuan urratsak eman beharrean(…), euskararen aurkako erasoak normalizatzeko erabakia” hartu duena. Egoerari aurre egiteko, Euskotreneko LAB sail sindikalak hizkuntza-politikak defendatzen jarraituko duela adierazi du, “politika horiek izan direlako bere hizkuntzaren alde borrokan ibilbide luzea egin duen euskal komunitate sendo eta indartsu bat izatera eraman gaituztenak”.